Eguraldi ona lagun, urteroko festa modu ederrean pasatu dute; era askotako ekitaldiak egin dituzte
Urtero bezala, Elizalde Eguna ospatu dute ikastetxeko eta institutuko ikasle, guraso eta langileek. Goizeko dianarekin hasi zuten festa, eta ikasle gehienek oinak astinduz hasi zuten eguna: krosarekin. Inoiz baino jende gehiago elkartu ziren lasterketaren bi txandatan.
Ondoren, eskola orduetatik kanpoko jardueretan egindakoak erakutsi zituzten: judoa; abesbatzaren kantak; xakea; soinketa erritmikoa, akrobatikoa eta hip-hop… Euskal dantzak ere izan zuen bere txokoa, eta LH1etik LH6ra bitarteko haurrek ikasi dutena praktikan jarri zuten.
Agurrak eta ongietorriak
Goizeko unerik hunkigarriena iritsi zen ondoren. Aurten jubilatuko diren hiru irakasle —Fran, Kontxi eta Lourdes— agurtu zituzten, txalo artean. Ez ziren bakarrak izan: DBH4n dauden ikasleei ere agur esan zieten. Bizitzak aurrera egiten duenez, ikasle berriei —Haur Hezkuntzako bigarren mailakoak— ongietorria eman zieten aurten institutua utziko dutenek. Zapi bana jarri zieten lepoan.
Ondoren, zikloz ziklo antolatuta, emanaldi gehiago eskaini zituzten: dantzak, antzerkia… Hainbeste jardueren ondoren, bazkaltzeko garaia iritsi zen. Ikastetxeko jangelan elkartu ziren, eta paella izan zen plater nagusia.
Indarrak hartuta, txikienek jolasekin eta puzgarriekin gozatu zuten, eta zaharragoek Treku aita-alaben erromerian mugitu zuten gorputza. Elizaldeko Guraso Elkarteak jakinarazi duenez, zoragarria izan zen atzoko eguna.