DBH 1 eta 3 maila arteko gaztetxoei pala txapelketa eta euskal karaokea eskainiko die udalak, Kuadrillategik eta Adingabeko Mahaiaren laguntzarekin
Kontzejupea ikastolako pilotalekuagatik aldatuko dute larunbatean.
Datorren larunbatean Euskal Jaia antolatuko dute. Hainbat eragile ari dira horretan lanean. Tartean, Oiartzungo Udala. Adingabekoen Mahaiaren eta Kuadrillategiren laguntzarekin batera, DBHko lehenengo eta hirugarren mailen arteko gaztetxoentzako aisia osasuntsua ardatz duen eskaintza antolatu dute.
Pala txapelketa eta euskal karaokea egingo dituzte, larunbat arratsaldez. Haurtzaroko pilotalekuan palan aritzeko bilduko dira, 17:00etatik 19:00etara. Elizalde Institutuan zein Haurtzaro Ikastolan izena eman daiteke jada, baina egunean bertan ere egongo da horretarako aukera. Erremintarekin ez ezik, eskuz jolasteko aukera egongo da. Izan ere, Ander Imaz pilotari profesionala bertan egongo da, eta harekin aritu daitezke gaztetxoak.
Pilotarekin beharrean, eskuetan mikrofonoarekin aritu nahi duenak ikastolako jangelara jo dezake. Izan ere, hor egingo baitute euskal karaokea.
Bi eskaintza horiek aski erakargarriak izan arren, parte hartzen duten gaztetxoentzako hainbat opari zozkatuko dituzte.