Euskal Jaia eta Sagardo Eguna batera ospatuko dituzte, bihar. Egun osoko egitaraua antolatu dute. Olarri dantza taldeak hartu du lana bere gain, udalarekin, baina ez dira eragile bakarrak
Goizean zehar izango dira kultura ekitaldi gehienak.
Euskal kulturaren ertzetako asko elkartuko dira bihar Oiartzungo Done Eztebe plazan eta inguruetan. Dantza, kirola, musika, gastronomia… Euskal identitatearen bihotzetik aterako dira taupada horiek guztiak.
Euskal Jaia ospatuko dute hirugarren aldiz, eta bere aterpean jasoko du Sagardo Egunaren XXIX. ekitaldia. Maiatzaren azkeneko larunbata gorde dute eurentzat, eta Euskal Jaia, lehenengo aldian bezala martxoan ospatu beharrean, pare bat hilabete beranduago egingo dute.
Lehen aldian, udaberriaren etorrerarekin batera antolatu zuten festa. Ideia hilabete batzuk lehenago ernamuintzen hasi zen, Oiartzundik ehun kilometrora, Bilboko norantzan. Horrela gogorarazi du Lorena Zalakain Olarri dantza taldeko kideak:?«2015eko irailean, oiartzuar bat Gernikako Euskal Jaira joan zen, eta gustatu egin zitzaion. Oso ongi pasatu zuten, eta herrira ekarri nahi zuten. Lehenengo aldiz martxoan antolatu zuten. Horrela hasi ziren antolakuntzan, eta lehenengo bi alditan egun osoko egitaraua osatu zuten».
Aurten gauza pixka bat aldatu dela onartu du Aiora Etxebeste Olarriko kideak. Izan ere, orain arte antolakuntza lanetan aritzen zirenentzako lan karga handiegia zela esan du: «Talde eragile bat zegoen, eta lan karga handia suposatzen duenez, ez zuten beren burua gai ikusten aurrera eramateko. Azterketa garaia da, eta azkeneko ikasturtea dute».
Hasiera batean, Olarritik kanpo zegoen talde bat hasi zen antolaketa lanean, baina Josune Cousillas Kultura zinegotziak laguntza eskatu zien dantza taldekoei, aurten ere antola zezaten. «Josunek [Cousillas] lan handia egin du. Egun osoko egitaraua ezin zitekeenez egin, hark proposatu zuen ea zergatik ez zen Sagardo Egunarekin batera egiten. Sagardo Eguna azken urtetan arratsaldez bakarrik egin da, eta lehen egun osoan egiten zen. Orduan, biak elkartuta, egun osoa betetzen da». Lan banaketa berriarekin, denak kontent: Sagardo Eguneko antolakuntzakoek zein Olarrikoek lan karga arintzen dute, eta oiartzuarrek egun osoko festarekin goza dezakete. Euskal Jaiari dagokionez, aurreko ekitaldien egitaraua antzekoa izango da. Aurten ez dute bazkaririk egingo, ardura handiegia delakoa, eta arratsaldeko poteoa sagardo dastaketak ordeztuko du.
Eragileen laguntza
Olarri eta udalarekin batera, beste dozena bat eragilek hartuko dute parte biharko festan. Honakoak dira: Haurtzaro eta Elizalde dantza taldeak; Elizaldeko trikitilariak; Txost; Oiarpe; Emarri;?Abaraxka; Kuadrillategi; Sagardo Eguneko antolatzaileak; bertsolariak; Ibargain, Herri Musikaren Txokoa eta erraldoien konpartsa.
Zalakainek azaldu duenez, euren lana kirol eta kultura eragileei gonbita luzatzea izan da, eta ez diete inolako baldintzarik jarri zer eta nola egin behar dutenari buruz. Zalakainek adibideak jarri ditu: «Dantza taldeek bakoitzak zer dantzatuko erabakiko du. Eta Herri Musikaren Txokoari proposatu zitzaion etortzeko, eta haiek erantzun ziguten familientzako erromeria bat egin nahi zutela. Bada, espezial. Oiarpekoei ere proposatu zitzaien, eta xanistebanetako pala txapelketaren barruko partidak jokatuko dituzte egunean». Eragile batzuek ezin izan dute parte hartu, beste konpromiso batzuengatik.
Etxebestek zehaztu duenez, euren helburua herri guztiak parte hartzea da, euskal kutsuko festa batean: «Gure kultura da, eta denok etor daitezela gure kulturara. Denen artean zerbait polita egitea da helburua». Gainera, eragile guztiak egun berean elkartzeak badu bere garrantzia, ekitaldi solteak egin beharrean: «Dantzak ikusten dituzu, eta pentsa dezakezu, ‘Beno, betiko dantzak dira’. Eta pilota partidek gehiago erakar dezakete, baina beno, azkenean pilota partidak dira. Horregatik, herrian denak batera ikusteko aukera oso gutxitan ematen da, xanistebanetan bakarrik». Bestela, jarraitu du Etxebestek, bakoitzak bere txokoan jarraitzen duelakoan eta hara familiakoak eta gertukoak bakarrik joaten direlakoan. «Ekitaldi bat baino gehiago eta azoka antolatzen badituzu, aitzakia horiekin jende gehiago hurbilduko zaizu, eta giro guztia ikusten duzu azkenean», gaineratu du Etxebestek. Eragileek urtean zehar egiten duten lanarentzako erakusleiho ere badela uste du.
Zubia sagardozaleekin
Euskal Jaia, salbuespenak kenduta, goizean zehar ospatuko da. Arratsaldean, ohi bezala, izango da Sagardo Eguna. Aurten XXIX. ekitaldia izango dute, eta iazko sagardogile berberek parte hartuko dute: Baleio eta Ordo-zelai (Oiartzun); Larrarte, Lizeaga, Oialume-zahar, Oiarbide eta Petritegi (Astigarraga); Otsua-enea eta Larregain (Hernani); Otegi (Lasarte-Oria); Linddurrenborda (Lesaka); Elutxeta (Urnieta)?eta Aginaga (Usurbil).
Aurten ez dute ezer berezirik ospatuko, eta 2019ko ekitaldi biribilaren zain geratuko dira egitaraua —gehiago— aberasteko. Sagardo Egunaren antolatzaileek prestutasun osoa erakutsi dute, eta horretan ere, zubi lanak udaleko Kultura Sailetik egin dituzte. Elkarlanean arituko dira, eta horren adibideak jarri ditu Zalakainek: «Adibidez, guk oholtza jarri behar dugu, eta haiekin adostu dugu non jarri, mahaiak ongi sar daitezen. Mahai horiek guk azokarako erabiliko ditugu, eta non utzi hitz egin dugu». Gainera, Olarri dantza taldeak sagardoarekin lotutako dantza emanaldi batekin hasiko da zukuaren festa, bertsolariei lekukoa pasatu aurretik.
Etxebestek uste du sagardozaleak pozik daudela elkarlanarekin: «Lehengoan antolakuntzakoekin hitz egiten aritu nintzen, eta galdetu zidaten ea zer egin behar genuen. Oso ongi iruditu zitzaien». Sagardo Eguna bera modu onean bukatzen lagunduko diete: Iratzar taldearen dantzaldia egingo dute, 20:30etik 21:30era. «Bestela», zehaztu du, «badirudi sagardoa bukatzean denak zain geratzen direla, ez atzera eta ez aurrera». Zalakainek ñabardura bat egin dio: «Eta gainera familia dugunontzako ordu egokia da haurrekin dantzatzeko». Afalorduan, Iratzarrekoek etenaldi txiki bat egingo dute, eta parrandazaleago den publikoarekin jarraituko dute.
Horrela biribilduko da aurtengo Euskal Jaia, hiruretan indartsuena izango dena. Etxebeste:?«Egun oso bat antolatzea politagoa gelditzen da, herrian bertan giro pixka bat sortzeko».
Hamahiru izango dira dasta daitezkeen sagardoak.
Egitaraua
- 10:30ean: Herriko dantzari gazteak eta trikitilariak kalez kale ibiliko dira, plazatik hasita.
- 10:30ean: Bote luzeko erakustaldia Beheko Plazan, Txostek antolatuta.
- 10:30ean: Esku pilota partidak Kontzejupean.
- 11:30ean: Pasakako pilota partidak Kontzejupean.
- 12:00etan: Emarriren erakustaldia Mendiburu kalean.
- 12:30ean: Erromeria familian Kontzejupe plazan, Herri Musikaren Txokoaren eskutik.
- 16:30ean: Kuadrillategiko gazteek antolatuta, pala txapelketa eta euskal karaokea Haurtzaro Ikastolan.
- 17:00etan: Haur jolasak eta txokolate jatea Euskal Herria plazan.
- 17:30ean: Olarri herriko dantza taldea herriko plazan.
- 18:00etan: Sagardo dastatzearen hasiera, bertsolariekin.
- 19:00etan: Ibargain musika eskolako ikasleen ikasturte bukaerako kontzertua, Elorsoro kiroldegian.
- 20:30etik 21:30era eta 23:30etik 01:30era: Iratzar taldearekin, dantzaldia.