Portugal eta Euskal Herria, Donibanen, are gertuago
Gaur hasiko dira Bixi-Bixi elkarteak antolatutako Portugal-Euskal Herria jardunaldiak.
Hitzaldiak, musika, literatura… denetarik topa daiteke Bixi-Bixi elkarteak Portugal- Euskal Herria jardunaldien barruan atondu duen egitarauan. Gaur hasiko dira jardunaldiak, eta ekainaren 16an bukatuko dira, egun osoko jaialdi batekin, baina bien bitartean izango da zer aukeratu, Pasaiako portugesak nahiz ingurukoak protagonista izango dituzten jardunaldietan. Herrien arteko zubiak eraiki nahian ekin zioen iaz Bixi-Bixi elkarteak Gora Herri egitasmoari, eta jardunaldien lehen ekitaldia Kuba eta Euskal Herriari buruzkoak hartu zituzten mintzagai. Aurten, baina, Portugalen jarri dute fokua, besteak beste, portugaldarren komunitateak Pasaian aspalditik duen pisuari erreparatuta. “Garrantzitsua iruditzen zaigu bertan bizi garen guztion arteko komunikazioa areagotzea eta kultur aniztasuna egunerokotasunean txertaturik, guztiontzako ondare eta balore bihurtzea”, adierazi dute antolatzaileek. Bide batez, ekimena euskaraz eta portugesez mintzatuko dela nabarmendu dute, “elkarrekin zuzenean mintzatzeko, eskuz esku, iraganaz eta geroaz hausnartzeko”.