Kalea konpondu, 87 aparkaleku egokitu eta topo geltokiaren parean oinezkoentzako pasabidea egitea da helburua
Irastorza etxetik aurrera 47 aparkaleku atonduko dituzte.
Festak bezala, auzoz auzo dabiltza obrak ere. Bizilagunek auzo batzarretan egindako eskariari kasu eginez, Oiartzungo Udalak obrak hasi ditu Arraguako Ganboxa kalean.
Hiru helburu izango dituzte lanek. Alde batetik, kalea konpontzea: Ganboxa kale osoaz gain, Iturrine plaza aurreko kalea ere asfaltatuko dituzte. Bestetik, Euskotrenen geltokiaren parean oinezkoentzako espaloia jartzea. Azkenik, 87 aparkaleku atonduko dituzte. Horietatik 40 Zubiondo eta Menusa-enea artean egingo dituzte, eta gainontzekoak Irastorza-etxetik Intxausti-eneraino.
Lanek bi hilabete eta erdiko iraupena izango dutela jakinarazi du udalak. Inbertsioa, berriz, 180.000 eurokoa izango da.