Edukiontzi bat erre dutela salatu du udalak

Elkarbizitzarako errespetua eskatu dute

Argazkian itzali behar izan zuten edukiontzia.

Atzo eguerdian edukiontzi bati su eman ziotela salatu du udalak. Eugenio de Otxoa kalean izan zen gertakaria, Lopene plazaren atzealdean. Bizilagun bat hasi zen sua itzaltzen, udaltzainak bertaratu artean, eta udalaren arabera, horri eskerrak kalteak ez dira handiagoak izan. Gertaera, edonola ere, gogor deitoratu dute: “Udalak horrelako ekintzak gaitzesten ditu eta, bide batez, errespetua eskatu, izan ere, elkarbizitzarako ezinbesteko printzipioa da hori”. Bide beretik, “ekintza bandalikoak alde batera uzteko” eskatu dute “horrelako jarrerek gure jendartean tokirik ez” dutela argudiatuta. Udalak edukiontzien sistemaren kontra agertu izan direnei egotzi die sutea, eta haiei zuzendu da prentsa ohar bidez: “Beren aurkakotasuna edo aldarrikapenak adierazteko beste bide batzuk daudela gogorarazi eta, mesedez, aurrerantzean zilegi diren bide horiek erabiltzeko eskatu”. Udalaren arabera “horrelako jarrera eta ekintzek lezoarren egunerokotasuna oztopatzen eta zailtzen dute”. Horregatik, “ekintza bandalikoak” atzean uzteko eta elkarbizitzarako urratsak egin ditzatela eskatu dute. “Errespeturako garaia da”, adierazi dute udaletik.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.