Arraztalo eta Aldura gaixo psikikoen senideen elkarteek bultzatutako mozioa adostu eta aho batez onartu da
Atzoko plenoaren irudia.
Atzo arratsean egin zuten maiatzari dagokion ohiko plenoa. Arraztalo eta Aldura gaixo psikikoen senideen elkarteak mozio bat aurkeztu zuten, EH Bilduk aurkeztutakoa. Ñabarduraren bat gaindituta, EAJrekin adostu zuten mozioa.
Gaixo psikikoen lan eta gizarte integrazioa bilatzen duten Enplegu Zentro Berezien legediak garatu gabe jarraitzen du. Horrela, publikoan Aldurako kide Javier Maziziorrek nabarmendu zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoa da estatuko toki bakarra non zentro horiek ezin diren sortu. “Zortzi urte daramagu eskuduntzarekin, baina legedia ez da oraindik garatu. Horren harira, hainbat eskakizun egin ditugu legebiltzarrean, eta ezezkoa jaso dugulako, udalengana etorri gara”, esan zuen Maziziorrek. Horregatik, Oarsoaldeko lau udaletan aurkeztu dituzte mozioak. Izan ere, udalei eskatu diete Jaurlaritzari legedia sortzea eskatzeko konpromisoa har dezaten.
Gaixo psikikoen integraziorako giltzarri diren hiru elementu aipatu zituen. Alde batetik, enplegu zentroak eurak. Bestetik, Oarsoaldean buru gaixotasunei buruz egiten ari den ikerketa soziologikoa. “Funtsezko erreminta izango da arazoari aurre egiteko”, gaineratu zuen. Azkenik, eskualdeko mahai bat, non gaiarekin zerikusia duten eragileek —Lanbide, osasuneko eragileak, gizarte laguntzaileak— parte hartuko duten.
Bi talde politikoek beren babesa erakutsi zieten Arraztalo eta Alduraren lanari, eta aho batez onartu zuten mozioa.
Bake epaile berria
Beste puntuei dagokienez —guztiak aho batez onartu zituzten—, Oiartzunek bake epaile berria izango du. Nagore Vega Telletxea izango da, eta ordezkoa Pilar Iparragirre Isuskiza.
Mami handiagoa duen gaia izan zen hurrengoa. Oiartzungo Udalak, Usurbil eta Hernanikoarekin batera, San Markos Mankomunitatearen 2016ko aurrekontuei jarritako errekurtsoaren epaiaren berri eman zuten. Euskadiko Auzitegi Nagusiak berriro arrazoia eman die, eta aurrekontu haiek baliogabetu ditu. Udalerri bakoitzak jasotako zerbitzuaren arabera ez zuten kalkulatu, eta horregatik gertatu dira bertan behera. Eneritz Arbelaitz alkateorde eta San Markosen ordezkariak azaldu zuenez, mankomunitateak 2014ko aurrekontuak berriro kalkulatu ditu, epailearen aginduz. Oiartzunek 9.559 euro jaso beharko lituzke kalkulu berriaren arabera, eta kopuruak hala izan behar duen aztertzen ari direla jakinarazi zuen.
Bestalde, Gurutze, Ergoien eta Karrika auzoei garraio zerbitzua emateko hitzarmena beste urtebetez luzatu da. Taxibusaren hitzarmen berria hilaren 10etik aurrera jarriko da indarrean.
Ikasleekin zerikusia duten beste bi gai aztertu zituzten segidan. Alde batetik, eskolaz kanpoko jarduerak sustatzeko diru laguntza onartu zuten. Elizalde Herri Eskolari 14.726 euro bideratuko dizkiote, Eskola Kirola eta koordinaziorako. Haurtzaro Ikastolari, berriz, 33.466,21 euro, bi kontzeptu horiengatik zein Eskola Pilota eta Muittu! programengatik.
Bigarren gaia Ibargain musika eskolako ikasleentzako 2018/19ko beka irizpideak onartzea izan zen.
Beste diru partida bat izan zuten hizpide: Oarsoaldea Garapen Agentziaren kudeaketa planari bideratu beharrekoa. Oiartzuni dagokion kopurua 390.875,12 euro dira.
Galde-eskeetan, EAJko Rafael Bergaretxek udal gobernuari eskatu zion berriro agertu diren margoketak —
ETA, eskerrik asko— berriro ezabatzeko. Jexux Leonet alkateak hala egingo dutela iragarri zuen.