Abaraxkaren udalekuetan, gainontzeko jardueretan bezala, baloreen transmisioa bilatuko dute jolasaren bitartez
Pasa den astelehenean bilera egin zuten haurrekin, proposamenak entzuteko.
Hurbiltzen ari da uda, eta eskolako zein eskolaz kanpoko jarduerak ahaztuta, haurrek aisiarako denbora ugari izaten dute. Uztaileko goizetan behintzat, Abaraxkak eta Oiartzungo Udalak antolatutako udalekuetan denbora betetzeko aukera egongo da.
Izena emateko epea aspaldi itxi bazen ere, uztailerako plangintza fintzen ari dira. Hori bai, Abaraxkan argi dute betiko filosofia mantenduko dutela. “Lau proiektu ezberdin dauzkagu: asteartetik ostiralera artekoa; astelehenetako Familien Txokoa; larunbatetako Abaraxka Ibiltaria eta uztaileko udalekuak. Osotasun bat da”, adierazi du bertako arduradun Nekane Martiarenak.
Horrela, lantzen dituzten hainbat balore zerrendatu ditu: “Hezkidetza da baloreetako bat. Besteetako bat, euskara. Guk ez dugu ezer ere ez egiten euskaraz ez dela. Euskal musika entzuten, euskal iruditegia erabiltzen da beti. Gurasoren batek eskatzen badu elebitan egitea, euskarak izango du lehentasuna”.
Herrigintza da duten beste baloreetako bat. Herriko eragileekin elkartzen dira: Arraztaloko baratzeetan aritzen dira lanean; Laboren daude, Elikan… “Erabiltzen dugun janaria jateko bakarrik erabiltzen dugu, eta erabiltzen dugun hori osasuntsua da”, zehaztu du. Baina ez dira eragile kolektiboekin bakarrik aritzen. Adibidez, aiton amonak bisitatzera joaten dira, eta herritarrak ere hurbiltzen zaizkie. Auzolana eta mugikortasuna dira lantzen dituzten beste baloreetako batzuk.
Parte hartzea
Oiartzungo udal ludoteka horietan, haurren parte hartzea ere bilatzen dute. Horrela, pasa den astelehenean, udalekuetan parte hartuko duten haurrekin eurekin bilera egin zuten, eta udalekuetan zer nolako jarduerak egin nahi dituzten galdetu zieten. “Guk txertatzen ditugu behar-beharrezkoak direnak, balore horietan oinarrituta daudenak. Iruditzen zaigu, baina, haurrak udalekuenak direla. Beraiei ahotsa ematea garrantzitsua iruditzen zaigu”, esan du. Begiraleak ere bertan izan ziren, aurrez ezagutu eta erreferenteak eduki ditzaten.
Proposamenak jaso zituzten, txikienena eta kozkortuago daudenena. Proposamenak oso ezberdinak izan dira: mendi martxak; erreka garbitu; egun bat libre edukitzea beraiek nahi dutena egiteko; natura ezagutu; txikienek eskatu dute barkuak egin eta errekan botatzea…
Egitaraua oraindik ez dute findu: haurren proposamenak galbahetik pasatu behar dituzte, eta plangintzan txertatu. “Aisia, guretzako hezitzailea da. Modu osagarri batean, bai, baina azkenean gu haurrak hezten ari gara. Hori bai, modu jostagarri batean”.
Ekainaren 13an gurasoekin egingo dute bilera. Gurasoren bat zerbaitetan aditua baldin bada, udalekuetan parte hartzeko gonbita luzatu diote. Ludotekan, esaterako, tailerrak egin dituzte kimikariak diren gurasoekin. Berdin musikariekin edo dena delakoekin. “Oso aberatsa da hori guretzako. Nik dakidana zuri erakutsi eta zuk dakizuna niri erakutsi”, zehaztu du.
458 umek hartuko dute parte udalekuetan. Tartean egongo dira uda pasatzera Saharatik etorritako haurrak. Normalean Sahara Eguna ospatzen dute urtero, eta haiekin elkartasuna lantzen dute. Hainbat bilketa solidario egin izan dituzte.
Uztaileko ludotekak, beraz, ez dira haur zaintza sinple bat izango. Martiarena: “Ahaztu gabe haurrak jolasteko daudela, gure lana da jolasen bitartez baloreak transmititzea, eta haur horiek sano heztea”.