Mendekosteak ondo joan direla jakinarazi du udalak festen gainean egin duen balorazioan. Hilaren 12an, santakrutzak prestatzeko lehen jai batzordea.
Haurren pintxo txapelketa izan da jaietako ekitaldirik jendetsuenetakoa.
Mendekoste Jaien balorazioa egiteko tartea izan du udalak. Oro har, jaiak giro paregabean joan direla adierazi du udal erakundeek, eta lezoarrek izan duten jarrera eskertu du. Hala, eguraldia lagun, antolatutako ekitaldi gehientsuenekin herritarrek bat egin dutela adierazi du udalak, “giro ederrean joan dira, eta herritarrek gogoz hartu dituzte lehen jai hauek”.
Zabarreren etorrera, piraten eta gazteen afari autogestionatua ostiralean. Larunbatean motorzaleen elkarretaratzea, kantu jira, xake txapelketaren lehen edizioa, musika ekitaldiak, Sagardo Eguna… Horiek udalak bereziki aipatu dituen ekitaldiak. Igandean, berriz, honakoak nabarmendu ditu: haurren pintxo txapelketa —163 haurren parte hartzearekin—, raketisten partida (ikusle gehiago espero zituzten), Goiko Plazako pilota partidak, altxorraren bila jolasa,
Andante kale antzerkia…
Mendekosteak pasatuta, jada iraileko Santa Krutz jaiak prestatzen hasteko garaia iritsi da. Irailaren 13tik 16ra egingo dituzte. Hortaz, udalak jakinarazi du horiek prestatzeko lehen jai batzordea hilaren 12an (asteartea) egingo dutela, betiko ordu eta tokian.
Jarraian, HITZAk mendekosteetan jasotako hainbat irudi galeria: