Martxa egingo dute, bi etapatan, Oriora joateko; han Etxeluze gaztetxekoekin batera, egitaraua prestatu dute

Orioko Etxeluze gaztetxekoekin egitarau bateratua osatu dute [Aiora Larrañaga/ Urola Kostako Hitza].
Datorren igandean, hilak 10, izango da Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea. Oiartzungo Ernaik bertara joateko plangintza osatu du… bezperatik.
Martxa egingo dute Orioraino. Larunbatean, 10:00etan geratu dira Oiartzungo plazan, eta Arraguako Topo geltokiraino joango dira. Handik Amarara abiatuko dira, eta han berriro astindu beharko dituzte oinak: Igeldora igo eta han bazkalduko dute, 14:00 inguruan. Handik Oriora oinez joango dira, berriro, eta harrera egingo diete Etxeluze gaztetxean.
19:30ean
Gazteok erabakiz, independentziara! lelopean hitzaldia eskainiko dute. 21:00etan, afaltzeko txanda izango da. Digestioa Ri Ta Karreren kontzertu akustikoarekin egingo dute. Biharamunean, 10:00etan giza katera atera aurretik, indarrak hartuko dituzte. 12:00etan Zarautzen pronto egongo dira, eskuz esku giza katea osatzeko.
Hiru aukera eman dituzte: martxa osoa egitekoa (bost euro); larunbat arratsaldera artekoa (doan); eta larunbat arratsaldetik igandera arte (bost euro). Orioko kiroldegian dutxatu nahi izanez gero, 2,5 euro gehiago ordaindu beharko dira bertan. Lo egiteko zakua eramateko eskatu dute, eta motxilak eramateko furgoneta egongo dela jakinarazi dute. Potte, Amazkar edo herriko ikastetxeetan eman behar da izena, eta martxan bertan ordainduko da.
Gure Esku Dago
Bestalde, Oiartzungo Gure Esku Dago-k deialdia egin du datozen egunetarako. Bihar —asteazkena—, etzi eta etzidamu, Fermiñenen egongo dira azken izen emateen zain.
18:00etatik 20:00etara egongo dira plazan, eguraldi ona egiten badu, edo Fermiñenen, eguraldi txarrarekin —litekeena dela—.