Rafa Bandres Pascual zendu da 88 urte zituela. Ezaguna oso, urte mordoan herritarren, Errenteria-Oreretaren kronista izan zelako.
Rafa Bandres.
Rafa Bandres Pascual zendu da 88 urte zituela. 1929ko uztailaren 16an jaio zen eta 1936ko Gerra eta gerraostea ere bizi zituen. Ezaguna oso, urte mordoan herritarren, Errenteria-Oreretaren kronista izan zelako. Herriarentzat lan egin du, Errenteriaren leihoak zabaldu zituen parez pare, eta haren izena zabaldu. Udalean, herriko zein auzoko jaietan, kirol taldeen jarraipena egiten, baina batez ere kalean, herritarren artean zen ezaguna Bandres.
El Diario Vasco, Deia eta
Egin-en egin zituen kronikak, eta EFE agentzian ere aritu zen errenteriarra. Irratian ere egin zen ezaguna bere ahotsa. Guztietan herriaz, errenteriarrez, Errenteriakoaz idatzi eta hitz egiten zuen.
Albistea non, han zen Rafa, orri zurian eskuz hartutako apunteak kronika bihurtzen. Kazetaria zen, bokazioz, eta entrega izugarriaz, baina batez ere memoria. Errenterian gertatutako oro zuen gogoan, non, noiz, nor… Ezerk ez zion ihes egiten, eta badaezpada, etxean pilatzen zituen eskuz idatzitako kronika eta gertaerak eskura izaten zituen. Gaitasuna zuen horretarako, abilezia itzela, eta hori herria egitea da, herriaren memoria eraikitzea, iragana ezinbesteko delako etorkizuna egiteko.
Kazetaritza ikasle nintzela ezagutu nuen hurbilagotik, kazetaritza lanetan hasi berria nintzela. Ohorea izan zen Rafa ezagutzea, instituzioa izan delako gure herrian, baina batez ere pertsona. Gogoan ditut lehen plenoak. Galduta ni, zinegotzien erdia ere ez nuela ezagutzen 1995 hartan, eta bera ondoan azalpenak ematen, “honakoa duzu hau, hartakoa hori…”. Beti edozein laguntzeko prest azaltzen zen horietako zen. Albiste baten berri izan bezain pronto jakinaren gainean jarri ninduen garai hartan, behin baino gehiagotan. Zerbait nabarmentzekotan bere bokazioa, kazetaritzarekiko maitasuna… titulurik gabe ere, tituludun batzuk ez bezala, profesioa duintzen duten horietakoa izan da Rafa. Hurbila, serioa, langilea, bere herriarekin konprometitua, kroniketan zorrotza, eta kazetaritza zentzurik zabalenean hurbiltasunetik, kalean, herritarrekin, eragileekin josi zuena. Ezinbesteko diren horietakoa izan da Rafa.
Azken urteak gaixorik eman ditu, eta horrek bere kronikez, zehaztasun osoz idatzitako bere efemerideez pribatu gaitu. Orri zurietan maisuki eskuz idatzitako kronika eta gertaera horiek biltzen dituen artxiboa jasota izango du Angeli Saldias emazteak, eta Rafaren azken egunera arte bidaide izan denak. Altxor izugarria benetan, Errenteria egiteko ezinbestekoa izan dena, Rafa bera izan den bezala.
Gaur egingo diote agurra, Zentolen tanatorioan 13:30ean. Hileta elizkizuna Jasokundeko Andra Mariaren parrokian izango da gaur, 19:00etan.
Zaudenean zaudela, ziur naiz, orri zuria esku batean eta boligrafoa bestean izango zarela, albistea non sortu, kronika ederra idazteko prest, herritarren kronista izaten jarraituko duzula.
Honakoa, Eider Rodriguezek 2006ko apirilean Rafa Bandresi egindako elkarrizketa On hilabetekariaren 19. zenbakian.