Oarsoaldea Kantari Jaialdia hasiko da asteburuan Maria Magdalenaren Basilikan laugarrenez, Maria Magdalena Kultur Elkarteak antolatuta.
Iraeta, Insasuti, Dorronsoro, Collar eta Hernandez.
Oarsoaldea Kantari Jaialdia hasiko da asteburuan Maria Magdalenaren Basilikan laugarrenez, Maria Magdalena Kultur Elkarteak antolatuta. Gaur goizean aurkeztu dute Jose Luis Insaustik eta Miguel Iraeta Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko kideak, Boni Hernandez Donosti Ereski abesbatzaren ordezkariak, Maddalen Dorronsoro Landarbaso Dizdizka abesbatzaren zuzendariak, eta Ion Collar Kultura zinegotziak.
Jaialdiaren barruko lehen emanaldia larunbatean antolatu dute. Iruñeko Paulino Otamendi Kamara Orkestrak egingo du emanaldia basilikan bertan 20:00etan hasita. Mendeurrena ospatzen ari dira aurten eta hogei kidek osatzen dute orkestra, hemeretzi musikarik eta zuzendariak. Gaur egungo musikariekin, lehenengo aldiz eskainiko dute kontzertua Gipuzkoan, eta Errenterian egingo dute.
Jaialdiaren lekukoa, Donosti Ereski abesbatzak hartuko du. Azken horiek hilaren 16an, larunbatarekin, egingo dute kontzertua 20:15ean hasita. Mende erdia beteko du abesbatzak Hernandezek azaldu duenez, eta ibilbide horretan ospe handiak bizi izan baditu ere, une honetan birsortzen ari dela abesbatza zehaztu du, “hala ere kalitate handi horretara heltzeko lan handia egiten ari gara”. Kontzertuak bi zati izango dituela zehaztu du: musika sakroa lehenengoan, eta askotarikoa bigarren zatian, “kantu herrikoiak, boleroak, habanerak, denetarik biltzen saiatu gara entzuleei begira”.
Landarbaso Dizdizka abesbatzak amaituko du jaialdia hilaren 17an (igandea). Dorronsorok azaldu duenez, 15 eta 25 urte arteko 30 gaztek osatzen dute abesbatza, eta duela pare bat urte sortu zen. Talde lana eta bakarkakoa lantzen dutela erantsi du zuzendariak, eta basilikan egingo duten emanaldirako kontzertu berezia sortu dute Zinema arratsaldea goiburupean. Ahotsak izango dira oinarria, baina horiek filmetako irudiekin jantziko dituzte, uztartu, “lan handia egiten ari gara kontzertua prestatzeko eta uste dugu emaitza polita izango dela”. Film ezagunak, garai batekoak, eta gaur egungoak aukeratu dituzte errepertorioa osatzeko, eta taldekide bakoitzak ekarpen berezia egingo duela emanaldian zehaztu du, “bakarlari moduan, instrumentu bat jotzen… bakoitzak bere ekarpen berezia eta bakarra egingo du”. Dizdizkaren emanaldia 19:30ean hasiko da.
Collarrek abesbatzek Errenterian duten pisua eta presentzia nabarmendu du bere aldetik, eta jaialdia laugarren urtez antolatzea ez dela erronka makala nabarmendu du, “basilika erreferente bihurtzen ari da, topagune kultural, abesbatzen historia erakusteko”. Jaialdia sutraituta dagoela dagoeneko esan du bestalde, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei, “halakoak posible egiteagatik”.