Larunbatean ospatu zuten jokalari eta zaleek 3. Mailara igoera
Pasaia KEko jokalariak larunbatean jaso dute Erregional Ohorezko Mailaren txapeldunen garaikurra.
Handienek bezala ospatu zuten larunbatean Pasaia KEko jokalariek 3. Mailara igoera. Kamioi baten atoian igota eman zioten bira barrutiari, zaleen txalo artean, eta ez da gutxiagorako. Laugarren aldiz lortu dute zuri-gorriek 3. Mailara igotzea: 1987. urtean lortu zuten lehen aldiz, 2003. urtean bigarrenez, eta 2011 azkenekoz. Aurten errepikatu dute balentria.
Barrutiari bira bukatuta Gure Zumardiko oholtzara gerturatu ziren jokalariak, eta han banan bana igo ziren oholtzara. Goian harrera egiten, besteak beste, klubeko ordezkariak, Pasaiako Udaleko kirol zinegotzi Lore Suarez eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren presidente Juan Luis Larrea.
Larreak eman zion Erregionalaren Ohorezko Mailaren txapeldunaren garaikurra zuri-gorrien kapitain Asier Agirreri, eta egin zuen hizketaldian, herrietara joatea pozgarria zaiola esan zuen. Federazioaren helburuez ere mintzatu zen, eta 3. Mailan ahalik eta talde gipuzkoar gehien egotea lortu nahi dutela adierazi zuen.
Zuri-gorrien presidente Gorka Blancok ere hitz egin zuen, denboraldiaren balorazioa egin eta zuri-gorrien talde lana txalotzeko.
Ekitaldia bukatuta afaria izan zuten jokalariek eta klubeko arduradunek Antxoko Leunda tabernan.