Kirol elkarteko lau kidek gerriko beltzeko azterketak gainditu dituzte; uztailean Europa osoko kenpo kai kirolariak Oiartzunen elkartuko dira
Madrilera joan ziren azterketa egitera, kirolaren Europako egoitzara.
Atsedenik ez da Kenpo Kai Honbu elkarteko kideentzat. Euren maila probatzen eta erakusten jarraitzen dute. Horrela, hilaren 2an eta 3an, taldeko lau kide Madrilera joan zen, gerriko beltzeko azterketak egitera. Wayne Box zentroan egin zituzten, kirol horren Europako egoitzan.
Emma Garmendia, Lander Hernandez, Aritz Valderrama eta Alain Isasak egin zuten azterketa, Vidal eta Martinez shihan-en begiradapean. Lehenengo hirurek lehen graduko dan-erako probak egin zituzten, eta Isasak laugarrenekorako. Emaitza onak atera zituzten oiartzuarrek: denek gainditu baitzuten proba. Isasari beste proba bat geratzen zaio oraindik: CSD Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren probetara aurkeztuko da, hilaren 23an.
Bera eta Oiartzun
Helduen azterketez gain, haurrek ere beren dohainak neurtu zituzten pasa den asteburuan, koloretako gerrikoak lortzeko azterketetan. Euskal Herri osoko 200 haur hurbildu ziren Berara, eta haiekin batera, beste hogei heldu.
Oiartzunen uztailaren 7an eta 8an jarri dute zita. Elorsoro kiroldegian ikastaro tekniko bat egingo dute, eta Europako osoko Kenpo Kai kirolariak gerturatuko dira.
Kenpo Kai Honbu elkarteko kideek gogorarazi dutenez, Oiartzun kenpo kairen erreferentzia da, eta indarra hartzen jarraitzen duela: “Herri hau erreferente izaten jarraitzea espero dugu, bertan dagoen harrobiarengatik eta herrian daramatzan 36 urteengatik”.