Lepo heldu da Pasaiara asteburuko kultur agenda
Besteren artean, hiru antzezlan, Wheels&Waves, Proisa Eguna eta Euskal Herria-Portugal Eguna
Antzerkia gustuko dutenek, asteburu honetan eskaintza zinez erakargarria dute Pasaian. Asteburu bakarrean hiru antzezlan ikusteko aukera izango dute. Bihar (hilak 15), Aniztasun Astearen ospakizunen barruan, Orratx antzerki taldeak Ez hemengo, ez hango antzezlana taularatuko du Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. 20:00etan da emanaldia, eta sarrera debaldekoa.
Igandean, toki berean, 19:00etan, Vaiven konpainiaren Sherezade eta tipularen azala ikusteko aukera egongo da. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak han bertan eros daitezke. Obra hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute leihatila. Sarrerak 5 euro balio du.
San Pedron ere bada emanaldirik. Igandean izango da, 19:00etan, Ertin. Zurriola Antzerki Eskolakoek Tirrika Tarraka aurkeztuko dute. Sarrera doan da, aretoa bete artean.
Festak badiaren bi aldeetara
Laster heldu dira festak Donibane eta San Pedrora, eta bi barrutietan atarikoetan erabat murgilduta dabiltza jada.
San Pedron, larunbatean, Proisa Eguna ospatuko dute arratsaldez. Azoka izango da lehenik, eta ondoren, 18:00etatik aurrera, rock kontzertuak, Arrotzak, Txost!, eta Tenpera taldeekin. Festari bukaera DJ Orlock Kondearen erritmo dantzagarriek emango diote.
Baina San Pedron soilik ez. Donibanen era bada festa larunbatean, Bixi- Bixik antolatutako Euskal Herria Portugal Egunean. Dianarekin hasi eta Dj Bullekin bukatuko da festa, eta tartean beste hamaika ekitaldi. Ikus hemen egitaraua.
Trintxerpen, bestalde, motozale giroa espero dute, Whels&Waves jaialdiaren barruan Zirizan atondu duten ArtRide erakusketak erakarrita.
Eta kultur agenda biribiltzako, hamaika kirol ekitaldi: besteak beste, traineruen aurkezpenak – San Pedron larunbatean (12:30) eta San Juanen igandean, Femegu estropadaren ondoren (12:30); eta Mendi bizikletako Gipuzkoako Txapelketa San Pedron igandean, Platako Farolara bidean (11:30).
