Uztailaren 6ra arte eska daitezke laguntzak; baldintza orokorrak betetzen dituztenei matrikularen erdia itzuliko diete
Ikasleek hainbat baldintza betez gero, laguntzak handiagoak izango dira.
Oiartzungo euskaltegi homologatuetan aritu diren ikasleek diru laguntzak eska ditzakete, uztailaren 6ra arte. Udaletxeko harreran eskatu beharko dira laguntza horiek, eta udalak ohartarazi du ez dutela epez kanpoko eskaerarik onartuko.
Baldintza orokorrak betetzen dituzten euskara ikasleei matrikularen %50 itzuliko die udalak. Baldintza bereziak betetzen dituztenei, berriz, %55 eta %70 artean itzuliko diete. Laguntza Oiartzunen erroldatuta dauden ikasleek jasoko dute, eskoletako asistentzia %85ekoa izan bada gutxienez.
Beka bereziak jasoko dituztenak honakoak izango dira: ikasleak; pentsiodunak; langabetuak; 12 urte arteko haurren guraso, zaintzaile edota pediatrak; haurdun dauden emakumeak zein hauen bikoteak; Oiartzungo komertzio eta enpresetako langileak; eta Oiartzungo elkarteetako kideak.
Aurkeztu beharrekoa
Bekaren bat jaso nahi dutenek, eskabide orria, errolda agiria, NANaren fotokopia, euskaltegiaren ziurtagiria eta beste laguntzaren bat jasotzen ez duenaren zinpeko aitorpena.
Eskatzaile bereziek, berriz, honakoa aurkeztu beharko dute: hezkuntza zentroko matrikula, ikasleen kasuan; familia liburua, gurasoek; familiaren ziurtagiria, zaintzaileek; mediku ziurtagiria haurdun dauden emakumeen kasuan eta haien bikotekideenean; lan bizitza, langabetuek; elkartearen ziurtagiria, herriko elkarteko kideen kasuan; eta, azkenik, enpresako ziurtagiria langileek.