Berrantolaketaren helburuetako bat oinezkoentzako eremu seguruak sortzea da; Sibeluts kaletik joan beharko da, autoz, igerilekura.
Goizueta kalea izango da autoak aparkatzeko tokietako bat.
Pasa den astean ireki zuten udako igerilekua, eta irailaren 16ra arte egongo da irekita. Denbora tarte horretan, inguruko trafikoa berrantolatuko dute, besteak beste, oinezkoentzako eremu seguruak sortzeko, iaz bezala.
Pikabeneko biribilgunetik hilerrira ezingo da autoarekin pasatu, bidea Goizueta kalearen parean itxiko baitute. Horregatik, Sibeluts kaletik joan beharko da igerilekuko aparkalekura —Haurtzaro Ikastola eta hilerria lotzen dituen bidetik—.
Hilerritik Goizueta kalera bitarteko errepide zatia norabide bakarrekoa izango da, eta ibilgailuentzako errail bakarra erreserbatuko da. Espaloiak oinezkoentzako izango dira.
Berrantolaketa horrekin, Goizueta kalea, hilerriko aparkalekua, Txara gainekoa eta Sibeluts kaleko bigarren erraila aparkatzeko erabiliko dira.