Neskak iazko denboraldia errepikatzeko asmoz, eta mutilak norbere ligan jarraitzeko helburuz, ilusio handiarekin ekin diote denboraldiari San Juan-Koxtape Arraun Elkartean
Aurten San Juan-Koxtape hiru trainerurekin izango da lehian, eta arraunlari gehienak gazteak eta etxean hazitakoak dira.
Neguak luze jo du, baina azkenean iritsi da eguna. Igandean abiatuko da Eusko Label Liga Bilbon, 12:00etan, erlojupeko estropadan. Irrikaz daude zaleak, eta haiek bezain beste edo gehiago arraunlariak. Donibanen, behintzat, ziurra da herri osoa egongo dela etzi
Erreka-ri begira, eta bultzaka.
Aldaketa handiko urtea dute San Juan-Koxtapen, batez ere mutilen traineruetan, baina konfiantza handia dute beren harrobian, eta zaleen bultzadaz denboraldi polita osatzeko ilusioa dute denek.
Iaz bezala, aurten ere, Batelerek dute, printzipioz, garaipen gehien lortzeko aukera. Emakumeen Traineru Elkartearen (ETE) eta Euskotren ligetako faborito nagusiak dira, eta iazko denboraldiko lorpen berak erdietsi asmoz uretaratuko dira. Ez da gutxi.
Zailago dute mutilek, baina arrosek erronkak maite dituztela jakina da, eta estropada guztietan lehiatuz, sorpresaren bat ematen saiatuko dira. Baikor dira klubaren zuzendaritzan.
Gakoa, arraun eskolan
Xabier Arrarasek azken lau urteak egin ditu San Juan-Koxtaperen lehendakaritzan, eta beste lau urteko zikloa betetzeko asmoa du. Zuzendaritza berresteko prozesu bete-betean da arraun elkartea, eta Arrarasen taldea errepikatzeko prest da. Ez dirudi beste hautagaitzarik egongo denik, eta orain arteko bidetik jarraitzea da zuzendaritzaren asmoa.
«Koxtape elkarte osasuntsu bat da», dio Arrarasek, klubaren egungo egoeraz galdetuta, eta proiektuaren ardatza goraipatu du: «Harrobia lantzea erabaki genuen bere garaian, harrobiari jarraipen bat ematea, eta uste dut horretan asmatu egin dugula. Harrobiak gaur egun emaitza oso onak ematen dizkigu eta pentsatzen dugu hori dela biderik egokiena elkartearen etorkizuna bermatzeko eta aurrera egiteko».
Baina harrobia indargunea bada, ahulgunea, kontrara, diru sarrerak dira. «Borroka handia egin behar dugu hau guztia aurrera eramateko», dio penatuta Arrarasek: «Zoritxarrez, gaur egun materiala-eta oso garesti dira, eta penagarria da horrelako kirol herrikoi batek, gure sustraien erakusle dena, hain babesle gutxi izatea».
Zentzu horretan, baina, badira haiek baino okerrago dabiltzanak, Arrarasek berak aitortu duenez: «Gaur egungo egoera ez dut esango txarra denik. Aurrera jarraitzen dugu. Zorionez ez diogu inori ezer zor, kontuak osasuntsu daude, eta gure hiru babesle ofizialei esker denboraldia aurrera ateratzen dugu. Oso eskertuta gaude».
Konfiantza
Lehengo igandean aurkeztu zituen traineruak Koxtapek, eta Arrarasek bere hitzartzean konfiantza eskatu zien zaleei. Zergatiaz galdetuta, argi mintzo da: «Konfiantza badugu eta ez zaigu inoiz faltatu. Kontua da mutiletan aurten espero genituenak baino baja dezente gehiago izan ditugula, hamabi denera, eta taldea berritu behar izan dugula. Hortik harrobiaren garrantzia».
Baina baja kopurua oso handia izanagatik ere, San Juan- Koxtapek mutiletan bi traineru osatzea lortu du, eta hori, klub gutxiren esku dagoen kontua da. «KAE1en gu gara B trainerua duen elkarte bakarra», nabarmendu du Arrarasek, jarraian horrek dakarrena azaltzeko: «Jende gaztea sartu behar dugu, esperientzia gutxikoa. Maila handiko arraunlariak dira denak, eta hala erakutsi dute beheko kategorietan. Denbora behar dute trainerura egokitzeko».
«Harrobia lantzea erabaki genuen bere garaian. Eta uste dut asmatu dugula »
Xabier Arraras
San Juan Koxtapeko presidentea
Arrarasen ustez, aurten Batelerak iazko denboraldia errepikatzeko gai izango dira, baina mutilek Eusko Label Ligan mantentzeko zailtasunak izango dituztela uste du: «Igo diren taldeak maila handikoak dira, eta haiekin borrokatzea zaila izango zaigu. Konfiantza eduki behar dugu, pazientzia eta, noski, zaleen indarra estropadaz estropada ahalik eta txukunen aritzeko». Horixe arrosen presidentearen nahia.
Juan Mari Etxabe (‘Erreka’-ko entrenatzailea): Une honetan Liga irabazteko hautagai argi bat ez da ikusten”
Etzi duzue ligako lehen estropada, Bilbon. Nola egingo diozue aurre erlojupeko horri?
Ilusio handiarekin. Nik uste dut taldea oso-oso ondo entrenatzen ari dela, eta sentsazio onak ditugu. Badakigu guretzako gogorra izango dela ez dakigulako jende gazteak nola aurre egingo dion erlojupekoari, eta exijentzia puntu hori zaila izaten delako eramaten jende gaztearentzat, baina lehengo igandean gauzak ondo egin genituen II. Femegu estropadan, eta itxaropentsu goaz Bilbora.
Baja asko izan dituzue aurten, eta harrobiko arraunlari gazte asko igo dituzue trainerura. Negua, zentzu horretan, nola joan da?
Hasierako egunak gogorrak izan ziren, jende garrantzitsua falta zelako eta klubaren inguruan beti izaten direlako zurrumurruak eta zalantza asko. Baina entrenamenduek aurrera egin ahala konfiantza hartu dute mutilek, eta nik uste dut momentu honetan talde egokia dagoela eta lan bikaina egin dela neguko aroan.
Zuen presidenteak dio hankak lurrean eduki behar direla eta helburua, aurten, argi eta garbi ligari eustea dela. Zu ere ados ?
Bai, erabat. Badakit gai garela hobeto egiteko, baina hankak lurrean eduki behar ditugu. Klubean gauzak ondo egiten ari dira, eta taldea oso ondo ari da lanean, baina estropadatik estropadara joan behar da. Lehenbizi erlojupekoa, hurrengoa Portugaleten… Badakigu zein estropada gogorrak diren, eta buruak indarrak baino zeresan handiagoa izango du. Saiatuko gara burua sendo edukitzen eta hankak lurrean, eta horrek emango digu emaitza on bat.
Ligari eusteko borroka horretan zeintzuk ikusten dituzu zuen aurkari zuzenak ?
Tiran ez dugu oraindik ikusi, baina esaten dute haiek ere gu bezala dabiltzala, aldaketa askorekin. Azkeneko estropadetan ikusi dugu Kaiku eta San Pedro ere gure pareko ibili direla. Ondarroak negu oso indartsua egin du, baina azkeneko estropadetan gordeka ibili da, ez dakit onerako edo gure talde berean sartuko ote diren. Nik uste dut bost talde horien arteko borroka izango dela behealdean.
Eta Eusko Label Ligaren buruan, zeintzuk ikusten dituzu faborito. Mikel Orbañanosek [Hondarribiaren entrenatzailea] dio aurtengoa oso lehiatua izango dela. Ados ?
Nik ere hala ikusten dut, oso pareko. Hondarribia ikusten dut aurrealde horretan, baita Urdaibai, Orio, eta Santurtzi ere. Zierbena ere hor aurrean ibiliko da aurten. Bost oilar dira eta une honetan liga irabazteko hautagai argi bat ez da ikusten. Estropadak oso gogorrak dira eta denboraldia oso luzea. Oso banatuta egongo dela uste dut, eta banderekin ere antzera, egun batean batek eta hurrengoan besteak.
Anartz Gereño, Bateleren entrenatzailea: «Joan den urteko denboraldia errepikatzea oso zaila da»
ETE Ligaren lehen estropada jokatu zenuten lehengo igandean Portugaleten. Zein tankera hartzen diozu sasoiari?
Tankera ona. Beste taldeak ere indartsu daude. Guk istripua eduki genuen ziabogan Hibaikarekin, baina, hori kenduta, nik uste dut taldea ondo dagoela. Bigarren izan ginen Portugaleten, baina gustura gaude, prestakuntza aldetik ere ondo ari garelako.
Faborito nagusiak zarete. Horrek nola eragiten du denboraldirako helburuak zehazteko orduan?
Helburua beti estropadak irabaztea da, argi dago, baina joan den urteko denboraldia errepikatzea oso zaila da. Edozein faktore kontuan hartuta, edozer gauza gerta daiteke, eta beste taldeak ere hor daude, indartsu. Saiatu behar duguna da ahalik eta hoberen egi estropadak, prestakuntza aldetik ondo-ondo jarri udara aurrera doan heinean, eta saiatu estropadak irabazten. Guk gure gauzak ondo egiten baditugu, gero etorriko dira etorri beharrekoak, baina guk gure gauzak ondo egiten saiatu behar dugu joan den urtean bezala. Hori da gure helburua.
Mutilen traineruan bezain beste ez, baina aldaketa batzuk izan dituzue zuek ere iaztik hona, ezta?
Bai, iaztik zazpi falta dira, eta neguan, kanpotik etorri direnak ondo egokitzen saiatu gara. Taldean egokitu eta arraunkera behar bezalakoa hartu. Nik kexarik ez dut. Etorri diren neskak balio handikoak dira eta alde horretatik gustura nago.
Aurten berritasun esanguratsuak daude emakumeen arraunean. ETE Ligak zer onura ekarriko dizkio arraunari?
Aurrena estropada gehiago direla. Estropada gehiago daudenean udaran, azkenean, lehiatzeko aukera gehiago daukazu. Sari aldetik ere, taldeentzako onura handiagoak izango dira.
Nesken arrauna gora datorrela ikusten dugu eta nik uste dut ondo etorriko zaigula nesken taldeak estropada gehiago edukitzea. Negu guztia entrenatzen eman eta gero arraunlariak nahi duena da lehiatu, uretara atera eta estropadak jokatu, eta udaran asteburu guztiak beteta edukitzea. Hori da helburua, eta arraunlariek beti nahi dutena, denek, gureek eta baita beste taldeetakoek ere. Azkenean, denentzat da onuragarri, emakumeentzat eta arraun munduarentzat ere. Urtetik urtera hobetzen ari den kontua da.
Euskotren Ligan aurten zeintzuk aurreikusten dituzu kontrario nagusi?
Orain arte ikusi dugunaren arabera Orio, eta parean ibiliko dira baita ere Arraun, Deustu. Baina estropadak jokatzen diren garaian ikusi behar, batzuetan ez duzulako erakusten benetan zarena. Sailkatze estropadak jokatzeko daude, eta hor entrenadoreek zein talde bidaltzen dituzten ikusi behar. Hala ere nik uste Orio, Arraun, Deustu eta gure artean ibiliko dela kontua.
Josema Azkue, San Juan Bren prestatzailea: «Orain estropadak itsasoan dira eta beste kontu bat izango da»
Lehengo igandean jokatu zenuten denboraldiko lehen estropada. Zer sentsazio?
Espero genuena baino pixka bat hobeagoa. Pentsatzen genuen salbatzeko postu horietan ibiliko ginela, baina pozik geratu gara egin dugun lanarekin.
Aurtengo denboraldirako zein helburu dituzue?
Lehenengoa, gurea behintzat, salbatzea.
Bajen ondorioz mugimendu handiak egon dira, ezta?
Bai. Urtero izaten dira bajak, baina aurten jende askok utzi du eta zazpi-edo igo dira lehen trainerura, eta ondorioz, gure trainerua Gazte Mailakoekin bete behar izan dugu. Beteranoren bat bada, baina gehienbat oso jende gaztea.
Gainera, iaz igo ginen, kategoria ez dugu ezagutzen eta ni neu ere berria naiz aurten.
Hasi berria zara traineruarekin, baina gazte horietako asko primeran ezagutzen dituzu.
Hori bai, talde erdia behintzat nirekin ibilia da Gazte Mailan. Zortzi urtez egon naiz maila horretan eta ezagutzen ditut, bai.
Arraunlari ohi ez ezik, azken urteetan harrobian lan handia egindakoa zara zu.
Bai. Zortzi urtez aritu naiz entrenatzaile, bi kadetetan eta sei Gazte Mailan. Horregatik animatu nintzen trainerua hartzen hala proposatu zidatenean, eta gustura.
Zure ustez, zeintzuk izango dira aurten ligari eusteko borroka horretan zuen kontrario nagusiak?
Ez dakit bada… Asteburu honetan bi estropada egin ditugu eta bi estropadetan berdintsuk ibili gara hor behean. Pentsatzen dut horiek izango garela. Lapurdi, Arkote, Zumaia, Portugalete eta Hibaika.
Pentsatzen dut hor ibiliko garela seiak, beste liga batean. Hala ere, orain estropadak itsasoan dira eta beste kontu bat izango da.
Asteburu honetan Donibane Lohizunen duzue estropada.
Bai. Itsasoan da estropada, eta hurrengoa ere, Getarian. Ibaian indarra behar da eta itsasoan abilidadea. Orain ikusiko dugu itsasoan nola ibiltzen garen.
KAE1 irabazteko faboritoak?
Astillero. Lekeitio eta Getaria ere nik uste dut ondo ibiliko direla, eta Deustu eta Pedreña ere bai. Goiko aldean beste liga bat dute. Guk nahikoa dugu gurean hiru atzean utzita play-offa eta jaitsiera libratzeko.