Topagunea, Antxon, zabor arteko lore
Antxoko Topaguneak sanferminetarako ondu duen egitaraua aurkeztu du
TOPAguneko kideak egitarauaren aurkezpenean.
Antxoko TOPAguneak sanferminetarako landu duen programa aurkeztu du, eta herritarrak gonbidatu ditu antolatutako jardueretan parte hartzera.
Gunearen sustatzaileek nabarmendu dutenez “inoiz baino ekitaldi gehiago” antolatu dituzte aurten: Playback lehiaketa arrakastatsua tartean da, baina baita berritasun garrantzitsuak, hala nola: Hiltzailearen jolasa, barrutien arteko olinpiadak, eta Hasi berriak oholtzara kontzertu maratoia, besteak beste.
Horiez gain, TOPAgunean egunero erronkak egongo direla iragarri dute, eta horien berri egunez egun emango dutela aurreratu, jaiak bitartean.
Zabor arteko loreak, horixe Antxoko Topaguneak sanferminetarako aurten hautatu duen leloa, eta izenburu bera duen testuan laburbildu du egitasmoaren filosofia. Bide beretik, gunearen bultzatzaileek jakinarazi dute uztailaren 4tik 8ra bitartean TOPAgunea ia 70 orduz egongo dela zabalik, eta Gure Zumardian atonduko duten gunean “giro euskaldun, feminista eta parte-hartzailea” bermatuko dutela.
Brigada moreak
Aurten, gainera, brigada moreak birpentsatu egin dituztela jakinarazi dute, eta festetako lehen egunean, uztailak 4, Oharkabe taldearen erromeriaren atsedenean, herriari bira emango diotela iragarri dute “puntu ilunak argituz”.
Horrez gain, larunbata gauean ere (uztailak 7, San Fermin Eguna) “ekintza feminista” egongo dela jakinarazi dute.
Azkenik, TOPAgunean uneoro laguntza eskaintzeko prest egongo den pertsona bat egongo dela jakinarazi dute, zapi morearekin identifikatuko dena.
TOPAgunearen egitaraua