Esklerosi anizkoitzagatik busti zaitez kanpaina egingo dute igandean (hilak 8) Fanderiako igerilekuan egun osoz.
Fanderiako igerilekuak hartuko du parte Busti Zaitez kanpainan.
Esklerosi anizkoitzagatik busti zaitez kanpaina egingo dute igandean (hilak 8) Gipuzkoako hamasei puntutan, tartean, Errenteria-Oreretako Fanderiako igerilekuan. Ekintza solidarioa da eta milaka lagunek hartzen dute parte programarekin bat egiten duten hondartza eta igerilekuetan. Ekintza sinbolikoa da gaixotasun hori duten pertsonei igeri eginez laguntzeko. Bustitzen diren guztiek egiaztagiria jasotzen dute, eta amaieran, herri guztietan igeri egindako metroak batzen dira.
Antolakuntzak postua jarriko du Fanderiako instalazioetan gaixotasunaren gaineko informazioa zabaldu, eta Kukuxumuxuk kanpainarako sortutako produktuak saltzeko: kamisetak, txanoak, motxilak, zapiak… Antolatzaileek jakinarazi dutenez ur bataio batean parte hartzeko aukera izango dute aurten hala erabakitzen duten parte hartzaileek.
Esklerosi anizkoitzagatik busti zaitez egunaren bidez gizartea sentsibilizatu eta informatu nahi dute antolatzaileek, batez ere 18 eta 35 urte arteko gazteei eragiten dien eta eguneroko bizimodua erabat baldintzatzen dien gaixotasun neurologiko eta kronikoak ematen dituen arazoen gainean.
Egun osoan zehar egingo dute kanpaina Fanderian, igerilekuaren ohiko ordutegian.