Garai bateko ontziek miresmena sortu dute, azkenaldian, herritar askorengan. Pasaiako bizilagunek hala baieztatu zuten joan den maiatzeko Itsas Festibal arrakastatsuan, eta Albaola Faktoriak aspaldi erakutsi zuen ehunka urteko piezak zaharberritzeko, berreskuratzeko eta horien erreplikak sortzeko ohiturak gero eta jarraitzaile gehiago dituela. Ohitura horri eustea erabaki dute Edgar de Pedro eta Amuaitz Lertxundi donostiarrek. Albaolan ikasitakoa baliatuz, euren azken lana porturatu dute Pasaian: 1927. urteko
Lucretia belaontzia.
Garai bateko egurrezko ontziak berritzen hastea otu zitzaien bi lagunei, eta, hala, portutik nabigatzen ikusi zuten “ontzi ikusgarri” baten zaharberritze prozesuari ekin ziotela kontatu dute. Biek azaldu dutenez, Frantziako herritar batek du ontziaren jabetza, baina orain herritarren eskuetan utzi dute Ostarte elkarte sortu berriko kideek. “Ontzi zaharrak berreskuratzeaz gain, herritarrei ontzian nabigatzeko esperientzia berezi hori bizitzeko aukera ematea, hori eskaini nahi dugu”, dio De Pedrok. “Azken finean, aspalditik itsasoari bizkar emanez bizi da gizakia, eta euskaldunok itsasoarekin dugun nortasun eta harreman hori berreskuratu nahi dugu”, gehitu du Lertxundik. Helburu horiek lortzeko bidean erabaki dute Ostarte elkartea sortzea.
Elkarteko kideek kontatu dutenez, biek ala biek txikitatik izan dute lotura estua itsasoarekin; Pasaiako badiarekin, bereziki. Euren etxea balira bezala sentitzen dituzte portua eta lau barrutiak: “Gure portua da Pasaiakoa, gure etxea”. Egoera aldatzen ari den arren egurrezko ontzi zaharrak desagertuz joan direla kontatu dute Ostarteko kideek. Alboratuta egon dira, baina joera hori aldatzen ari dela argitu dute. “Euskal Herriko biribilguneetan amaitu dute egurrezko ontzi askok”, dio, barrez, De Pedrok. Baina, txantxak alde batera utzita, ontzi horiei bigarren bizitza emateko prest daude bi lagunak; euren jardunarekin, garai bateko distira atera nahi diote barkuak berreskuratzeko kulturari; kontzientzia hori berpiztu nahi dute.
Ostarteko kideek diotenez,
Lucretia ontzia egoera kaskarrean zegoen jaso zutenean, eta izugarrizko lana egin behar izan dute garai bateko itxura berbera lortzeko. Biek onartu dutenez, “gogorra” izan da prozesua. Orotara, bederatzi hilabete pasatu dituzte Pasai Donibaneko portuan. Kosta ahala kosta, batez ere neguan aritu dira lanean. Ontzia ohiko tailerrean berritu beharrean, itsasoan bertan berritu dute, euren kabuz, inolako laguntzarik gabe. “Toldo bat jarri genuen, zamarra jantzi eta lanean hasi ginen”, azaldu du, umoreko, Lertxundik. Hilabete luzez bizi izandako esperientzia hartatik hartu dute elkartearen izena, ostarte bila ibili baitira lanean behar bezala jarduteko.
Lan gogor horrek bere fruituak eman ditu, eta zer-nolakoak, gainera. Orain dela 90 urtekoa dirudi
Lucretia-k, orduko ontzi berbera. Uretan primeran joaten dela esaten dute; are gehiago, ontzi modernoak baino askoz azkarrago nabigatzen du ontzi klasikoak. Ikusgarria da kanpotik zein barrutik; film batetik ateratakoa dirudi. 1927ko
ketch (belaontzi) moduko pieza da, G. De Vries Lentsch ontziolak diseinatua. Amsterdamen du jatorria, eta hemezortzi metroko luzera eta 189 metro koadroko azalera dauka. Ostarte elkarteko kideek nabarmendu dutenez, zuntzezko barkuek baino gutxiago kutsatzen du ontzi horrek.
Lertxundiren hitzetan, “zaila” da
Lucretia nabigatzean sentitzen dena hitz batean deskribatzea. “Itsas ondarean zehar nabigatzeko aukera ematen du ontziak; plazer hutsa da”. Oso pozik geratu dira emaitzarekin, eta, ahal duten guztietan, garbitzen edo konpontzen aritzen dira; eta, nola ez, nabigatzen. “Historia zati handi baten gainean nabigatzeko aukera ematen du, azken finean. Asko transmititzen du ontziak; ez da ontzi normal bat”, gehitu du De Pedrok.
“Etxean” zaharberritua
Pasaiako Itsas Festibalean estreinatu zuten belaontzia. Ordurako espresuki berritu zuten
Lucretia, eta, harrezkeroztik, oihartzuna “izugarria” izan dela onartu dute. Dozenaka dei jaso zituzten festibala amaitu eta berehala; herritar askok azaldu dute interesa barkua ikusteko edo bertara igotzeko.
Nabigazio formakuntza eman nahi dute lehenik, ikastaro gisa, interesa daukaten gertukoek ontzi zahar baten gainean nola ibili ikas dezaten. Gaztetxoek, helduek… denek izango dute aukera ia ehun urtez, eta ontzi baten gainean, atzera bidaia egiteko. Bazkide egiteko aukera eman nahi dute, gainera, eta, kasu horretan, urte guztian izango da aukera barkuan ibiltzeko. Iritsi da uda, eta egun erdiko edo aste osoko ibilaldiak eskaintzen hasi dira, dagoeneko, baita ilunabar erromantiko bat pasatzeko aukera ere.
Lehenengo proiektua amaitu berri duten arren, hurrengo ontzian pentsatzen ari dira jada. Barku mordoa
fitxatu dituztela aitortu dute biek, eta egunero gai hori izaten dutela buruan bueltaka. Orain,
ostartesailing@gmail.com helbidera idatz dezakete
Lucretia belaontzia ikusi edo bertan nabigatzeko interesa dutenek.