Maika Tameron oreretarra da elkarte sortu berriko presidentea. Emakumeen trainerua duten klubek bat egin dute, kirolarientzako eta taldeentzako egoera duinagoa bilatzeko bideari ekiteko.
Maika Tameron, Emakumeen Traineruen Elkarteko presidentea.
Maika Tameron oreretarra da elkarte sortu berriko presidentea. Emakumeen trainerua duten klubek bat egin dute, kirolarientzako eta taldeentzako egoera duinagoa bilatzeko bideari ekiteko.
Maiatzean sortu zen, ofizialki, Emakumeen Traineruen Elkartea (ETE). Elkarte hori osatzeko, baina, lehenagotik hasi zineten lanean. Nola izan zen prozesu hori?
Iazko urrian hasi ginen kluben arteko bilerekin. Ikusi genuen azkeneko bizpahiru urteetan traineru berriak ateratzen ari zirela. EuskoTren Ligan lau traineru zeuden, eta gainontzekoek Gipuzkoako Federazioak antolatzen zuen ligan parte hartzen zuten. Federaziokoek nahikoa lan zuten aurrera eramateko, ahal zutena egiten zuten estropadekin. Kantabriatik eta Bizkaitik traineruak etortzen ziren Gipuzkoan egiten ziren estropada horietara. Pixka bat arraroa zen egoera hori.
Horrez gain, Gipuzkoako Liga horretan, estropada eremuak ez ziren egokiak. Estropada eremuek kristoren lana behar dute, batez ere lineakoetan, lau kale dauden estropadetan. Baliabide nahikorik ez zegoen, eta ikusten genuen beste modu batera egin behar zirela gauzak. TKEren eta KAEren ligak daude mutiletan, eta arraun klub berberek hartzen dugu parte. Baliabide horiek baldin baditugu, zergatik ez ditugu aprobetxatzen? Hasieran liga bakarra egin nahi genuen, hamahiru traineru ginelako eta liga egiteko aukera bazegoela ikusten genuelako.
Talde guztiak barnebilduko zen liga zergatik ez zen sortu?
TKE eta EuskoTren Ligarekin hitz egiten hasi ginen. Beraiek esaten zuten ezetz. Bi liga egongo zirela argi geratu zenean, esan genuen EuskoTren Liga sei taldek osatzeko. Horri ere ezetz esan zioten. Orain lortu da estropada gehiago egotea EuskoTren Ligan; zortzi lehiatik hamabira pasatu da.
Argi genuen, nesken arautegiak mutilen antzekoa izan behar zuela; ez gara hasiko gauza berriak asmatzen. Neskekin berezitasun batzuk sartu behar genituen, hori bai: talde bakoitzak duen Gazte Mailako arraunlarien kopurua, lehenengo urtekoak eta bigarren urtekoak…
Normalean, neskek arrauna —eta kirola— goizago uzten baitute, ezta?
Hori da. Oso ezberdina da nesken arrauna eta mutilena. Mailan alde handia dago, batzuk hasiberriak direlako. Neskek 22 urterekin arrauna uzten dute; asko gertatzen da adin horrekin uztea. Talderen bat kenduta —San Juan, adibidez—, neska berri asko daude ligan. Begira Hibaikan gertatu dena, ia talde guztiak kluba utzi duela.
Mutilak, 22 urterekin, hasiberriak dira. Baten bat goiko ligetan ibiliko da, baina 25-26 urtera arte ez dira goiko ligan sartzen. Hemen alderantziz gertatzen da. Aldatzen joango dela? Bai, baina oraindik bidea dago egiteko. Beste kiroletan bezala, diru gutxiago dugu, eta, batez ere, aitortza txikiagoa. Pixkanaka aldatzen ari da, eta nesken kirola presentzia handiagoa irabazten ari da. Hala ere, uste dut arraunari buruz asko hitz egiten dela, udan, beste kirolik ez dagoelako. Baina hori iritzi pertsonala da…
«Nesken arraunari ikusgarritasun handiagoa emango dio ETEk»
Emakumeen liga orain dela bederatzi urte hasi zen, herrialdeetako selekzioekin; klubena, berriz, 2011n. Zergatik atzeratu da hainbeste ETEren sorrera? Orduan ez zen beharrik ikusten eta orain bai?
Orduan ez zegoelako ontzi nahikorik liga bat egiteko. Pixkanaka taldeak sortzen joan dira, eta ikusi da orain zela momentua. Azken urteetan pixka bat goraka egin du, klubak kontzientziatzen joan direlako.
Traineru bat uretara ateratzeko diru pila bat behar da, eta azpiegitura asko behar dira. Hibaikan, adibidez, traineru bat zegoen, mutilena, eta hura eramateko atoia ere behar da. Neskentzako ere traineru bat behar zen: 40.000 euro balio ditu berri batek, 20.000 bigarren eskukoak. Horrez gain, arraunak erosi behar dira —7.000 euro inguru—, bidaiak ordaindu, ekipazioak… Gauza asko egin behar dira trainerua ateratzeko.
Babesle aldetik, nesketan badirudi orain sartzen ari direla sponsor berriak…
ETEn Euskal Herriko traineruak eta Kantabriakoak zaudete. Galiziakoak, berriz, kanpoan daude.
Galiziarrak liga egiten ari dira, eta oso urruti geratzen da. Mutilek ere beren liga daukate. Kontxako estropadara etortzen dira, baina bestela diru asko da, eta denbora gehiegi. Irekiak gaude, baina praktikotasun kontuengatik ezin da oraingoz.
Esan duzu ligako kideen kopurua handitzea dela helburuetako bat. Besterik?
Bai, lehiatzeko arautegi bateratua sortzea ere. Ez dugu lortu, baina horretan jarraituko dugu. Klubetako zuzendaritzetako kideak oraindik mutilak direla gertatzen da. Arautegi hori atzera bota dute nesken trainerurik ez daukaten klub batzuek.
Garrantzitsua da guretzako: zenbat propio ditugun, harrobikoak, eskubideen mantentzea… Mutiletan egiten da, harrobia lantzen duten klubak babesteko. Nesketan, ez. Adibidez, Zumaiak Kontxa irabazi zuen urte batean, eta hurrengo urtean desagertu zen.
«Baliabide nahikorik ez genuen, eta gauzak beste modu batera egin behar ziren»
Zergatik bota dute atzera?
TKEren liga [Eusko Label Liga du izena] pribatua delako. EuskoTren Liga pixka bat linboan gelditzen da. TKEn ez gauden klubek ezin izan dugu inoiz sartu bileretan, eta ezin izan dugu hitz egin nahi dugunaz. Klub batzuk bietan daude, TKEn eta ETEn. Guk jarraituko dugu bateratuaren alde lanean.
Egutegia nahiko hazi da. KAEkoekin batera egingo dituzue estropadak.
Gauza bera gertatzen da hor. Zertarako egin nahi dugu estropada eremu bat gure aldetik, eginak baldin badaude? Horrela dena aprobetxatzen da. Klubek egiten dugu lan hori, eta gehienak, bi ontzi kenduta, TKEn edo KAEn gaude. Beraz, lana aurreratzen da. Gainera, nesken arraunari ikusgarritasun handiagoa emango lioke. Hori da bilatzen ari garena.
Ligaren beste helburuetako bat izango da igoerak eta jaitsierak egotea, ezta?
Bai. Irailean bertan play-offak egingo ditugu. Play-offetan EuskoTren Ligako azkena egongo da, eta ETE Ligako bi lehenengoak sailkatuko dira. Estropada bat egingo dute, eta irabazten duena igoko da —edo mantenduko da— EuskoTren Ligan.
Oso garrantzitsua da play-offak irailean egitea. Hilabete horretan bukatzen da sasoia, eta hurrengoa prestatzen has zaitezke. Orain arte, hurrengo urtera arte —asteburu honetan gertatu dena— ez zenekien non ibiliko zinen, eta horrek dena baldintzatzen du. Maila ezberdina dute EuskoTren Ligak eta ETE Ligak, eta horren arabera egin behar dituzu entrenamenduak edo babesleak bilatu. Horregatik egingo da irailean.
Hala ere, gure helburua da liga nagusian sei edo zortzi taldek parte hartzea, eta hori hala izan dadin presionatzen ari gara. Beraz, oraingoz ez dakigu zenbat taldek hartuko duten parte datorren sasoiko EuskoTren Ligan.
ETEk bere lehen bi estropadak egin ditu.
Portugaleten eta Donibane Lohizunen egin ziren lehenengo bi estropadak. Ez ziren puntuagarriak, prestatzeko ziren. Pasa den asteburuan egin dira sailkapenekoak. Horietan erabaki dira zeintzuk izango diren liga nagusian ariko direnak.
Berritasun bat badago. EuskoTren Ligan sariak izango dituzte traineru guztiek. Mutilek baino gutxiago irabaziko dute, baina beno, bakoitzak zenbat irabaziko duen finkatuta dago. ETEn ere hori egin nahi dugu, baina babesleak bilatzen ari gara, baita Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakundeen inplikazioa ere.
«Gure helburua ligako kide kopurua sei edo zortzira igotzea izango da»
Beraz, ez da pentsatu behar ETE bigarren mailako liga bat denik, baizik eta beste aurrerapauso bat.
Bai, liga askoz hobeagoa izango da. Estropada eremuak hobeak izango dira, antolakuntza aldetik ere bai, eta fundamentuarekin. Lehen, Gipuzkoako Liga zenean, Colindres eta Deustu bezalakoek hartzen zuten parte, eta izena, behintzat, ez da arraroa izango.
Datozen urteetan pentsatzen duzue traineru gehiago sar daitezkeela?
Baietz uste dut. Lehenengo liga ongi antolatzen baldin badugu. Orain arte, liga hori egon gabe ere, gero eta ontzi gehiago ateratzen joan dira. Pentsatzen dugu kopurua handitzen joango dela, akuilua izango dela. Hori bai, laguntza pila bat beharko dugu bidea egiteko. Hau hasi besterik ez da egin.
«Aurrekoen maila emateko denbora beharko da»
Emakumeen Traineruen Elkarteko presidente izateaz gain, Tameron Hibaika Arraun Elkarteko lehendakariorde ere bada. Nesken traineru nagusian aldaketa sakonak egon dira negu honetan, eta aro berri bat hasi berri dute Ondartxoko klubekoek. Hemendik aurrerakoei buruz aritu da Tameron.
Pasa den asteburuan egindako sailkapen estropadetan hamargarren eta bosgarren postuetan geratu zen Hibaika. Zein balorazio egiten duzu?
Denboraldi hasieratik bagenekien iazko hamalau arraunlari ez zirela egongo. Gainera, taldearen nukleo nagusia ziren. Batzuek utzi dute, beste batzuk beste klub batzuetara joan dira… Beste traineru berri bat osatu behar izan dugu, ia-ia zerotik hasita. Eskerrak guk harrobia asko lantzen dugun, eta aukera hori daukagun.
Hala ere, ez zen nahikoa izan, eta Galiziatik hiru neska etorri dira, eta Alacantetik beste bi. Galiziarretako bi gurekin egon ziren duela bi urte. Alacantekoak aulki mugikorrekoak dira, llagut izeneko ontzian ibiltzen direnak. Erreferentzia non dagoen badakite, eta hona etorri nahi izan dute.
Azkeneko urteetan Hibaika goiko aldean ibili da. Zerotik haste horrek ikusmoldea aldatu al dio klubari?
Ikusten genuen oso zaila izango zela EuskoTren Ligan sartzea. Portugaleten zorte txarra izan genuen, ziaboga istriborretik egin baikenuen. Hor segundo asko galdu genituen, eta ez genuen aukerarik. Zierbenan, berriz, estropada txukuna egin genuen, eta bosgarren postuan bukatu genuen.
EuskoTren Ligan Orio eta San Juan dira faborito nagusiak. ETE Ligan, lauzpabost ontzi egongo gara segundoetako tartean: Deustu, Kaiku, Donostiarra, Hernani… Uste dut liga nagusia baino politagoa izango dela gurea.
Beraz, Hibaikak banderaren bat ekarriko du Errenteria-Oreretara?
Bai, ziur. Eta Kontxako estropadan sartzeko borrokatzen ariko gara. Ez da azken urteetan bezalakoa izango, bigarren postuan bukatzen edo lehenengo igandean irabazten. Baina uste dut sartzeko moduan ibiliko garela. Jende berria dagoenez, entrenamenduak falta zaizkigu blokea osatzeko. Itxura ona dauka taldeak, baina edozer gerta daiteke.
Portugaleten egindako akatsa esperientzia faltagatik izan zen, eta urduritasuna nabaritzen zelako. Hurrengo egunean, berriz, bederatzigarren iritsi ginen ziabogara, baina bosgarren bukatu genuen. Indarra badaukagu. Oso gazteak dira, eta presioa sentitzen dute: ikusten dute non egon den Hibaika, eta orain, beraiek hastean, esan dezakete ‘guk ez dugu maila hori emango?’. Maila hori emateko denbora behar da; gurea ez zen izan iritsi eta bat-batean hastea.