150 ekitalditik gora prestatu dituzte udalak eta elkarlanean aritu diren eragileek. Zentzu batekin: jaiak berdintasunean eta errespetuan ospa daitezela.
Elixabete Murua, Ion Collar eta Garazi Lopez de Etxezarreta egitaraua aurkezten.
Gaur aurkeztu ditu Errenteriako Udalak madalenetako egitarauaren traza nagusiak. Hasteko,
jaiak berdintasunean, aniztasunean eta errespetuan gozatzeko direla oroitarazi du, herritarrek horrela ulertu behar dituztela festak: gozatu bai, baina berdintasun, aniztasun eta errespetu irizpideak inolaz ere ahaztu gabe. 150 ekitalditik gora dira egitarauan jasota daudenak, eta zeregin horretan
jai batzordean ordezkatuta dauden 35 eragileen lana arras eskertu egin du Ion Collar Kultura zinegotziak.
Collarrez gain, Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zinegotzia eta Elixabete Murua izan dira aurkezpen ekitaldian. Collarrek, jai batzordearen zeregina goraipatuz, adierazi du urtarriletik ari direla lanean eragile horiek, udalarekin elkarlanean, egitarau zabal eta plurala osatzeko bidean, errenteriar denen gustuak asetzeko asmoz. Haurren eta gazteen proposamenak jaso, eta horiek egitarauan txertatu egin direla jakinarazi du zinegotziak.
Bestalde, jaien hasierari erreparatuz, hilaren 21erako hainbat aukera daudela zehaztu du Collarrek: Mila Koloreko Txupinazo Txikia (17:30ean Koldo Mitxelena plazan,
abesti berri eta guzti), Holi festa eta txupinazoa (19:00etan Gernika plazan) eta ohikoa, 19:00etan Herriko plazan. Gainera, txupinazo nagusi hori Gamon Zumardian jarriko den pantaila erraldoiaren bitartez, eta
Herri Biziaren webgunearen bitartez streaming bidez jarrai daitekeela zehaztu du. Nabarmenen atalean,
kontzertuen eskaintza zabala goretsi du, baita Euskal Gunean eta Txosna Gunean izango direnak ere.
Adi jaietako traol bereziari: #madalenak2018. Hori erabiliz gero, sare sozialen jarraitzaile direnek sarean madalenei buruzkoak kontsultatzeko aukera izango dute, HITZAk sortutako albiste, irudi galeria eta bideoak barne.
Garazi Lopez Etxezarretak, bere aldetik, jaiak bitartean eraso sexistarik egon ez daitezen, eta baleude, jarraitu beharrekoen berri eman du. Sartu beheko loturan horien berri zehatza izateko:
+ Eraso sexistarik gabeko Madalenak nahi dituzte
Egitaraua, eskura
Gaur aurkezpena, eta bihartik aurrera banaketa. 2018ko madalenetako egitaraua esku artean izan nahi dutenek honako aukerak dituzte jasotzeko (papereko edizoan 9.400 ale inprimatu dira):
- Hilaren 11, 12 eta 13an, 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan.
- Publizitatea jarri duten dendetan.
- Liburutegian.
- Galtzaraborda, Fanderia eta Kaputxinoetako kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan.
- Digitalean: Herri Bizian egitaraua egunez egun ikusteko aukera, edo PDFan.
- Sakelako telefonoan: Herri Biziaren APPren bidez.
Informazio osagarria