Txirrindulari errenteriarra bosgarren postuan iritsi da Gerola Altako helmugara; hamabigarren postuan dago sailkapen orokorrean
Emakumeen txirrindularitzako lasterketarik garrantzitsuenak —Giro Rosak— gaur zuen bere seigarren etapa. Ane Santesteban errenteriarra bikain ibili da gaurko etapan, eta bosgarren postuan sailkatu da Gerola Alta herriko helmugan. Atzo izan zen mendiko lehenengo etapa, eta bigarrenean ongi baino hobeto aritu da.
Amanda Spratt irabazlearengandik 32 segundora sartu da, Megan Guarnier eta Margarita Garcia Cañellasekin batera. Beraien aurretik sailkatu diren beste bi txirrindulariak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula pelotoian: Ashleigh Moolman-Pasio (iazko Biran nagusitu zena), eta Annemiek Van Vleuten, UCI World Rankingean bigarrena dena.
Biharko etapa hamabost kilometroko kronoigoera izango da, eta larunbatean Zoncolan mendate mitikoa igoko dute, Ovarotik. Azkeneko etapan, berriz, lehen mailako mendate bat pasatu beharko dute, helmugatik hamalau kilometrora.
Santestebanek badu bidea sailkapen orokorrean igotzeko. Hamargarren postutik 40 segundora dago, hamabigarren postuan. Liderra Spratt bera da, eta harengandik hiru minutu eta 11 segundora dago. Ea hankek ongi erantzuten dioten geratzen diren lau etapatan.