Ukitu moredun udalekuak
Oiartzungo udaleku irekietan 38 talde daude, eta haietako bakoitzak herriko emakume baten izena du. Haien biografia azaltzen diete, modu laburrean, lana ikustarazteko
458 haurrek eman dute izena udaleku irekietan; 38 taldetan banatuta daudeUdaleku irekietako lehenengo txanda gaur bukatuko dute, flashmobaren grabaketarekin. Batzuk datorren astelehenean bueltatuko dira, hilabete osoa emango dutelako udalekuetan. Orain arte, dozenaka ekitaldi ezberdin egin dituzte: ur jokoak, baratzeetara bisitak, Zirku Eguna, piraten abordaia… 09:30ean biltzen dira Haurtzaro Ikastolan, eta normalean, esnatze jolasak egiten dituzte. Ez zaie asko kostatzen nagiak kentzea. Ondoren, eguneko jarduera nagusien txanda izan ohi da. 13:30ean hasten da etxerako buelta. Emakumeen izenak Aurten 38 talde daude guztira. Lehenengo 11 garbi daude, eta gainontzekoetan badaude bigarren hamabostaldian sartzen diren haur batzuk, eta beste batzuetan lehenengo hamabostaldikoak diren batzuk. Talde horiek identifikatu ahal izateko, izen bat jartzen diote bakoitzari. Nekane Martiarena Abaraxkako kideak azaldu duenez, urtero herriarekin edo hemengo kulturarekin zerikusia duen gai batekin bataiatzen dituzte taldeak. Aurten Oiartzungo emakumeak omentzea erabaki dute, baina ez bakarrik zerbait egin dutenak, baizik eta emakumeak bere osotasunean. Martiarenak zehaztasun gehiago eman ditu: «Herrian zerbait egin dutenak aurkitu ditugu: kirolariak, emaginak, idazleak eta beste hainbat gauza. Biografia txiki bat osatu dugu, eta argazki bat ere jarri dugu. Kasu batzuetan zaila izan da, lehenengo segalariaren edo lehenengo emakume bertsolariaren argazkirik ez baitugu aurkitu». Lehenengo egunean, begiraleek bakoitzaren ibilbidea azaldu zuten. 38 izenen hautaketa egiteko, hainbat modu erabili dituzte. Alde batetik, udalekuen koordinatzaileek euren inguruko izenak bildu dituzte. Bestetik, Ttur-ttur elkarteak egin duen Paeta zaharrak erantzun jokoko galdera-erantzunak baliatu dituzte. Emakume oiartzuarren errolda berezi hori osatzeko, Goiatz Labandibar idazlearengana jo dute, emakume oiartzuarrek liburuetan izan duten presentziari buruz galdezka. Taldeen izenetako batzuk aipatu ditu Martiarenak. Labandibar beraz gain, Maria Mendizabal sopranoa edo Amona Juli bezalako izenek osatzen dute zerrenda. «Haurrei esan diegu Maria Mendizabal Iturria nor den, non aritu den kantatzen, argazkia erakutsi diegu… Baina baita Amona Julirena ere. Sendabelarrekin ibiltzen da bera», gaineratu du. Jakitun dira esanguratsuak izan daitezkeen emakumeak kanpoan uzteko arriskua zegoela. Gainera, zerrenda hori baliatu dute udalekuetako haurrek ikus dezaten emakume horiek «errealak» direla. Asteartean, esaterako, Ainara Lasa Perez sortzailea izan zen bisitan, eta zer egiten duen azaldu zien. Asteazkenean, berriz, Elikako baratzeak bisitatu zituzten, eta Alazne Intziarte Lolo Oiartzun Kirol Elkarteko futbolari ohia zain zuten.
Talde bakoitzak Oiartzungo emakume baten izena darama, haiek omentzekoGainera, bizpahiru begiraleren izena duten taldeak ere badaude. Arrazoia azaldu du: «Irati Zabala, adibidez, eskalatzailea da, eta gurekin dago begirale moduan. Adin tarte batean jarri dugu, eta haiengana joan da bisita egitera. Edo Izar Etxeberria dantzaria. Bera ere bai gurekin ari da lanean». Horrez gain, Josune Cousillas ere aipatu du. Izan ere, sokatiran munduko txapeldun izan zen, eta gaur egun Haur Hezkuntzako 5. mailako irakaslea da Haurtzaro Ikastolan. «HH5eko taldeari izen hori jarri diogu, haur batzuentzat, behintzat, erreferente badelako». Horrez gain, urtero bezala, Oiartzunera etortzen den saharar taldeak bat egiten du udalekuekin. Haien taldearen izena Fatimetu da, hainbatetan lagundu dien emakume saharar-oiartzuarraren omenez. Hala ere, euren helburua ez da udalekuetako umeek haien biografia buruz ikastea, baizik eta ezagutza pixka bat izan dezatela. Eta, batez ere, Oiartzungo emakumeei aitortza egitea, merezi dutelako.