Mikel Zendoia: «askotan ez dugu baserriko lana baloratzen»
Orain arte Lezoko agroaldearen proiektuak izan duen ibilbidea eta Euskal Herriko egungo baserri eta nekazaritzaren egoera aztertu du Behemendi elkarteko teknikari errenteriarrak.
Zein helbururekin ekin zenioten Lezoko agroaldea ekologikoaren proiektuari? Proiektua sortu arte, guk genituen lur beharrak beti nekazari profesionalei lotuak egon dira, jada instalatuak zeuden nekazari profesional horiei. Halere, beti izaten zen lur eskaera nekazaritzarekin zerikusirik ez zuen jendearen aldetik. Hor aldaketa bat eman zen, aldaketa horrek lur egoki bat eskatzen zuen, eta baratzea haize librean eta modu ekologikoan landu nahi zuen jende asko azaldu zen. Eskaera aldatu denez, agroaldearen itxura ere aldatu egin behar izan da. Lur hobeak bilatzen hasi ginen, bertan modu ekologikoan lan egiteko. Orduan, aldundiak Gipuzkoako Nekazaritzako Lurren Funtsa sortu zuen 2013 urtean. Horren sorrerarekin batera eta aldundiak zituen lursailak ikusirik Lezon zeudela, bi egitasmoek bat egin zuten eta lehenengo esleipen hura eskaini genuen orain dela bost urte. Ordutik, nolako ibilbidea izan du proiektuak? Hasieran, bost-sei lursail inguru jarri genituen, eta gero gehitzen joan gara, beste hiru zehazki. Hasierako horietatik bik ez dute aurrera egin, gai ezberdinengatik. Horrelako proiektuan sartzen den pertsona batek ekoizpena egin behar du, noski, baina gero ere, horren ondoren dator salmentako lan gogor bat eta nik uste jendeari kostatzen zaiola bere lekua bilatzen. Merkatua badakigu denek nolakoa den, eta bertan toki bat egitea zaila da oso. Gero, goiko hiru sailetatik bat beste bi nekazarik hartu dute. Hasierako zortzi horietatik zazpi sailetara pasatu gara, eta zazpi horietatik bi huts daude egun. Jendeak lursail bat erraz eskuratzea ahalbidetu nahi dugu, eta ez hortik dirua atera. Nahi duguna da lursailaren kudeatzailea nekazaritzaz bizitzea. Nola definituko zenuke agroaldea ekologiko bat? Hitzak antzekotasunak ditu industrialdea hitzarekin, beti esaten dugu hori, hortik datorrela uste dut. Azken finean, agroaldea lur eremu bat da, eta lur hori lur zati ezberdinetan banatua dago. Beti, lur zati horietan nekazal jarduerak ematen dira eta azpiegitura minimo eta amankomunak daude. Zergatik nekazaritza ekologikoa? Erabakia etorri zen jendearen eskaeratik. Etortzen hasi zirenak ekologikotasunaren etiketarekin zetozen. Nik uste haiek ere nekazal sektoretik kanpo zetorren jendea zela, eta haien ustez, gizarteak orokorrean aldaketa hori eskatzen zuela ulertzen zuten, ekologikotasunerantz joan behar zela. Haiek eskatuta, hala atera zen. Zenbat ordaindu beharko dute alokatzeko interesa dutenek? Errenta sinbolikoa da. Urtean 150-200 euro inguru ordaindu beharko dituzte, oso sinbolikoa. Kontuan izan behar dugu beti agroaldeetarako erabili ditugun lurrak lur publikoak direla, atzetik erakunde publikoak daude. Ez du zentzurik errenta izugarrizkoak jartzea; espiritua ez da diru kopuru jakin bat ateratzea, baizik eta beharra duen pertsona horri lur bat ematea, nekazari profesional bilakatzeko bidea egitea. Nekazaritza ekologikoak geroz eta jarraitzaile gehiago dituela uste duzu? Bai, egia dela uste dut. Nik uste ere egia dela uste baino jarraitzaile gutxiago direla, normalean produktu ekologikoen alde egingo lukeen jendea baino gutxiago dela horien kontsumitzaile, alegia. Uste dut bizi garela momentu batean elikadura, kirola eta horrelako gauza horiek garrantzi handia hartu dutela. Denek ondo jan nahi dugu, ondo elikatu eta ekologikotasunak eta ekologikotasunari lotuta gertukotasunak garrantzia irabazi du. Jende askok horren aldeko autua egin du azken urteotan. Horren adierazle da, adibidez, Labore. Laborek baieztatzen du badagoela nahi hori. Baserriko bizitza klasikoa desagertzen ari dela uste duzu? Espero dut ez desagertzea. Egun, baserria etxebizitza bezala mantentzen da gehienbat, ez da jarduera profesional bezala erabiltzen ari. Egia da azkeneko 20 urte hauetan oso jende gutxi hasi dela nekazaritzan. Gerta liteke momentu batean nekazaririk gabe edo oso gutxirekin geratzea. Eta horrek kalteak izango lituzke, azkenean ez garelako konturatzen edota askotan ez dugulako baloratzen baserriko lana, bai paisaiaren eta baita naturaren mantenuaren alde baserritarrek egiten duten lan hori. Nekazari profesionalaren irudi hori galtzen ari gara azken urteotan. Egun, hamabi abeltzain profesional aurki daitezke Oarsoaldean, ez dira gehiago izango. Guk ez dugu irudikatu nekazaritza irtenbide bat bezala, lanbide aukera bat bezala baizik. Egoera ez da oso ona, argi dago. Nik ez nuke nahi galtzea, baina zaila izango da egoerari buelta ematea. Ea buelta hori emateko gai garen.