Behemendi elkartekoek, datorren irailean aterako dituzte berriz ere Lezoko Urrullo baserri inguruko zenbait lur eremu lehiaketara. Helburua nekazari profesional berriak izatea da.
Urrullo baserri inguruan aurki daitezke lursail guztiak. Irailetik aurrera irekiko dute lehiaketa.
Duela lau urte inguru, Behemendi Donostialdea Bidasoko Landa Garapenerako Elkarteak Lezon bertan agroalde ekologiko bat irekitzeko apustua egin zuen. Urrullo baserri inguruan aurki daiteke agroaldea berezi hori, Jaizkibel mendiaren oinean zehazki. Eremua Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, hau da, lurrak publikoak dira eta elkarteak berak kudeatzen du bertako erabilera. Eremu pribatua ez izateak aukera paregabea eskaintzen die elkarteko kideei, baita herritarrei, diru kopuru sinboliko baten truke, lanbide klasikora jauzia egiteko aukera baitute.
Milaka eta milaka metro koadro dituzte bertan, eta hutsik dauden eremuekin aukera berria eskaini nahi dute elkartekoek; ateak zabaldu nahi dizkiete inguruko nekazariei, baita mundu horretan lehen pausoa eman nahi duten herritar guztiei.
Herritarren eskuetan daude lurrak beraz. Orain, hutsik dauden hainbat lursail berriz ere lehiaketara ateratzea erabaki dute. Sektorea profesionalizatzeko bidean, lur eremu erraldoiak aloka ditzakete Oarsoaldea edota gertuko herritarrek bertan.
Hala, 7.000-10.000 metro koadro inguruko hiru lur eremu egongo dira alokairuan. Horiek guztiz mekanizagarriak direla diote Behemenditik, ur hornidurekin egokituak daudela eta alboan tresneria eta generoa gordetzeko biltegi txiki bat daukatela. Gainera, eremu horretan bertan, baratzea aire librean egiteko edota negutegiak instalatzeko aukera izango dute nekazariek. Barazkiak landatzeaz gain, erlezaintzarako (3 hektarea) eta abeltzaintzarako (5 hektarea) ere beste bi eremu handi eskuragarri daude.
Behemendi elkarteko teknikariak arduratzen dira azpiegitura guztia prestatzen, lur eremu horiek guztiak baratzegintzarako eta bestelakoetarako egokitzen.
Herritarrei egiten dieten bezalaxe, ekologiari ere ateak zabaldu nahi izan dizkiote Urrullon. Herritarren eskuetara lurra uzteaz gain, produktu ekolgikoen ekoizpena eta kontsumoa sustatzea da helburu nagusietako bat, uzta jaso ostean, herritarrek bertako eta lehen mailako produktuak kontsumi ditzaten.
Baldintzak
Ia futbol zelai eta erdiko lur sailak eskuratu ahal izateko, baldintza bakarra bete beharko dute interesdunek: zaletasunetik harago, nekazaritza lanbide bilakatzeko landu beharko dute lurra. «Helburua nekazari profesionalak sortzea da, nekazariek ogibide bezala erabiltzea lur eremu hori», dio Behemendiko teknikari Juan Kruz Alberdik. Orokorrean, lan hori lanbide bilakatu ahal izateko, gutxienez, hektarea bateko eremua behar dela argitu dute elkartetik, urte guztian zehar bizirauteko beharrezkoa baita milaka metro koadro izatea. Behin lurra eskuratuta, nekazari berriena da inbertsioa eta zer landatu erabakitzea. Behemendiko teknikarien aholkularitza jasoko dute denek.
Negutegiak ere jar ditzakete nekazariek.
Azken lau urteotan, Behemenditik diotenez, kaleko jendearena izan da eskaririk handiena. «Jende honek ez du lurrik, maiz errekurtso ekonomiko handirik gabe datoz, eta euren egoera erraztu nahi dugu». Horretarako, hektarea bakoitzean bi lanpostu sortzeko aukera dagoela nabarmendu dute Behemenditik.
Nahiz eta herritar orok izango duen lehiaketan izena emateko aukera, baldintza batzuk betetzeak onurak dakartza norberaren kalifikazioan: «Gehiago baloratzen dugu gaztea, emakumea, kooperatiba-elkarte bateko kide edota ingurukoa izatea. Are gehiago nekazari profesionala bada».
2014tik bost urteko errendamendua eskaini izan da. Orain, hamar urtekoa izango da, erabiltzaile berriei «denbora mailan segurtasuna emateko».
Irailean ireki eta itxiko dute lehiaketara aurkezteko epea. Izena emateko,
elkartearen helbidera idatzi edota 943 49 02 19 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.