Bidezarra kalea oinezkoentzako izango da; Ozentzio eta Argiñene kaleko bizilagunek Zirauki kaletik gidatu beharko dute
Ozentzio kalean bizi direnek Zirauki kalea erabili beharko dute.
Gaur hasiko dira Iturriozko festak (
egitaraua, hemen), eta horren ondorioz, aldaketak izango ditu bertako trafikoak,
santiyuk bukatzen diren arte.
Bidezarra kalea oinezkoentzako izango da, eta Xorrola biribilgunean geldituko da. Ozentzio eta Argiñene kaleetan bizi direnek, berriz, Zirauki kaletik barrena ibili beharko dute beren ibilgailuekin. Bengoetxea plazako garajeetara iristeko, berriz, Bidezarra kaletik kontrako norabidean sartu beharko da.
Truk txapelketa
Santiyuen barruan, Iturri Berri elkarteak truk txapelketa antolatu du datorren ostiralean jokatzeko, hilak 27. Iturriozko elkartekoek banatuko dituzten sarien berri eman dute.
Lehen saria txapela, bi lagunentzako mariskada bat eta arkume bat izango dira. Bigarrena, berriz, arkume bat eta langostino kutxa bat. Hirugarrenek bi oilasko eta bi ardo eramango dituzte, eta laugarrenek, bi ardo botila eta beste bi txakolinarenak.
Errepeskako finalera iristen direnek ere sariak eramango dituzte. Irabazleek mariskada eta bi ardo botila eramango dituzte, eta bigarrenek bi oilasko eta ardoa. Txapelketa 22:00etan hasiko da, eta izen emateak hogei euro balioko du.