Abuztuaren 2tik 5era Killirikupen eskainiko dute zerbitzua; egitarauarekin batera, protokoloa eta telefono zenbakiak banatuko dituzte
Eskuorria.
Oiartzungo Udalak indarkeria matxista prebenitzeko gunea jarriko du Killirikupen, xanistebanetan, abuztuaren 2tik 5era. Lehen hiru egunetan 18:00etatik 21:00etatik egongo da zabalik, eta azken egunean ordubete aurreratuko dira irekiera eta itxiera.
Indarkeria matxistari eta feminismoari buruzko informazioa banatuko dute. Gainera, lelo feministadun txapak egiteko aukera ere eskainiko dute. Bestalde, sexu harreman parekide eta osasuntsuak aztertzen dituen informazioa ere banatuko dute, baita aholkularitza eman ere.
“Oraindik emakumeok jaietan askatasunean bizitzeko aukerarik ez dugunez”, esan du udalak, “kontzientzia pizteko, ahalduntzeko eta feminismora hurbiltzeko guneak beharrezkoak dira”. Killirikupeko zerbitzu puntuaz gain, indarkeria sexistaren kontrako protokoloa banatuko dute festetako egitarauarekin batera, baita telefono zenbakiak ere.
Zaintza kanpaina
Zaintza partekatzearen aldeko kanpaina egingo du udalak, “denek gozatzeko aukera” izan dezaten. Sentsibilizazioa sustatzeko, eskuorri bat banatuko dute etxez etxe.
“Edozein esparrutan parekidetasuna lortuko bada”, jarraitu du udalak, “orain arte bereziki emakumeek beren gain hartzen dituzten ardurak denen artean partekatzen direnean izango da. Zaintza lanak balorean jartzea ere bada sentsibilizazio-kanpaina honen helburua”.