Oarso Bidasoko zazpi traineruk parte hartuko dute gaurko Kontxarako sailkatze estropadan. Bostek dituzte sartzeko aukera errealak.
‘Libia’ ontziak zail du Kontxan egotea, baina horren alde borroka egingo du.
Gaur da irailaren 2an eta 9an lehiatuko den Kontxako Banderara sailkatzeko eguna. Hamalau plaza daude jokoan, zazpina gizonen eta emakumeen banderetarako. Oarso Bidasoko zazpi traineru izango dira gaurko sailkatze estropadan. Hiru emakumeenak (San Juan, Hondarribia eta Hibaika) eta lau gizonenak (Hondarribia, San Pedro, San Juan eta Hibaika). Zazpi horietatik, bost Kontxan baietz. Hori HITZAk egin duen pronostikoa.
Emakumeen sailkatze estropada 17:30ean hasiko da, 16 trainerurekin. Bi taldetan banatu dituzte horiek, zortzikoak, eta ikusi beharko da zein taldek hasiko duen lehia gaur arratsaldean (zozketa egiteke dago). A taldean daude San Juan, Hondarribia eta Hibaika. Sasoian erakutsitakoa ikusita, hirurek ez lukete arazorik izan behar Kontxarako sailkatzeko, San Juan eta Hondarribia EuskoTren Ligan ibili direlako, eta Hibaika ETE Ligan bigarren izan delako. Beraz, HITZAren pronostikoko bost traineruetatik hiru emakumeenak dira.
Eskualdeko traineruek Euskal Herriko beste ontzien berri badute, badakite zer eman duten sasoian. Hortaz, sasoiko emaitzak kontuan hartuta, badakite zein izan dezaketen aurretik edo atzetik. Galiziako ontziekin dago zalantza. Baina Riveira kenduta, ez dirudi maila gorenean ibiliko direnik galiziarrak.
Honakoak dira gaurko sailkapenean aterako diren emakumeen traineruak:
- A taldean: San Juan, Hondarribia, Hibaika, A Pobra-Cabo, Nautico Riveira, Deustu, Orio, Arraun Lagunak.
- B taldean: Perillo, Mugardos, Colindres, Hernani, Kaiku, Lapurdi, Lea Artibai, Tolosaldea.
Gizonak. Hondarribia seguru, San Pedro agian
Aurreikuspenak egiten jarraituko du HITZAk. Noski, arratsaldean itsasoak bakoitza bere tokian utziko du. Baina nabarmena da Hondarribiak plaza segurua izango duela Kontxan (ezusteko handiegirik ezean), eta San Pedro baiezkoaren eta ezezkoaren arteko mugan dagoela. San Juan eta Hibaikaren aukerak eskasak dira. 18:00etan hasiko da gizonen sailkatze estropada, 24 trainerurekin (bi taldetan banatuta). Bi taldeen irtete zozketa ez dago egina oraindik.
Berdeen presentzia Kontxan onartuta —bandera irabazteko faboritoen artean daude—, eta San Juanen —play-offa prestatzeko eta horretan ibiliko diren beste traineruekin neurtzeko aukera dute gaur— nahiz Hibaikaren aukera eskasak kontuan hartu ondoren, zalantza San Pedro da.
Aurreko urteetan ia Kontxan izan da. Inork nahi ez duen 8. tokia maizegi hartu du. Eta aurten Kontxan egotea tokatzen zaio
Libia ontziari. San Miguel Ligan dabiltzan sei traineruk, aparteko ezustekorik ezean, ia ziur dute Kontxan egotea: Urdaibai, Hondarribia, Orio, Zierbena, Cabo eta Santurtzi. Zazpigarren plazarako dago kalapita: San Pedro, Ondarroa, Astillero, Kaiku eta baita Lekeitio ere izango dira horren bila. Bost talde, plaza bakarra. Lan zaila dute moreek, baina egingarria. Oarso Bidasoko bosgarrena, eta gizonetan Pasaiako bakarra, izan daiteke
Libia.
Astillero eta Lekeitio KAE1 Ligan ibilitakoak dira. Sanpedrotarren ez dute erreferentzia zuzenik. Bai, ordea, Ondarroa eta Kaikurenak. Kortaren trainerua maiz utzi dute atzean Eusko Label Ligan moreek; Ondarroa da, beharbada, areriorik latzena gaurko.
Zorte on ontzi guztiei, bereziki Oarso Bidasokoei.
Honakoak dira gaurko sailkapenean aterako diren gizonen traineruak:
- A taldean: Urdaibai,Cabo, Hondarribia, Kaiku, Ondarroa, Orio, Astillero, San Juan, San Pedro, Santurtzi, Tiran eta Zierbena.
- B taldean: Deustu, Ares, Mecos, Getaria, Hibaika, Lapurdi, Lekeitio, Mutriku, Pedreña, Meira, Zarautz eta Zumaia.