Badian Bizi herri plataforman elkartu dira Oarsoaldeko hainbat norbanako eta eragile. «Portuak kaltetutako eskualdeko herritarrak» direla diote, eta babes neurriak eta konpromisoak nahi dituzte
Kezka eta haserrea aurretik bazen, baina iragan abuztuaren 2ko suteak badia inguruko bizilagun askoren pazientzia agortu du. Erreakzioa berehalakoa izan da, eta «portuaren jarduerak kaltetuek» Badian Bizi herri plataforma eratu dute, taldeko kide Iosu Pikabeak eta Jesus Mari Fernandez Otxoak azaldu dutenez, «herri mobilizazioaren bitartez presioa egiteko».
Christine itsasontzitik deskargatzen ari ziren txatarrak su hartu zuen Lezoko moilan duela hilabete, sugar oso ikusgarriak eraginez. Sute hark alarma guztiak piztu zituen, gerora erakundeetako arduradunek gertatutakoari garrantzia kendu nahi izan dioten arren. Badiaren bueltan, baina, asko dira portuaren kudeaketa ereduarekin lasai eta konforme ez daudenak, eta erantzutea eta antolatzea erabaki dute.
Badian Bizi herri plataforma eratu berriak lehen urrats bat egin du jada, eta Ingurumen Fiskaltzara eraman du sutearen gainean esku artean duen informazioa, gertatutakoa iker dezala eskatuz. Izan ere, «susmo txarrak» dituzte plataformako kideek, eta ez dira fio. «Gure susmoa da txatarra oso zikina ekartzen ari direla, legez kanpokoa, eta hemen zuritzen dutela hori, txatarraren balioa handitu eta berriro ere merkatuan jartzeko», dio Pikabeak.
Susmoak frogatu behar dira, eta horregatik eskatu diote ikerketa fiskaltzari: «Guk fiskaltzari eskatzen dioguna da, gertatutakoa ikertzea, arduradunak bilatzea, eta dagozkion zigorrak jartzea, eta argitzea, ea guk uste bezala, pertsonen osasunaren aurkako delitua eta ingurumenaren aurkako delitua izan den».
Frogek, gainera, Lezoko kaian bertan jarraitzen dutela ohartarazi dute: «Deskargatutako txatarra oraindik moilan dago. Sutea eta gero deskargatzen jarraitu zuten ontzian geratzen ziren beste 500 tona, eta horiek hor daude. Hor dago froga, eta ikertu dezatela».
Susmo txarrak
Izan ere, portura txatarra gisara iristen diren autoak aurrez desmuntatu eta hondakinak bereizi gabe prentsatzen dituztela uste dute, Europako zuzentarauek agindutakoaren kontra. Fernandez Otxoa: «Berez, plastikozko pieza guztiek daramate zigilu bat adierazten zein motatakoak diren, gerora sailkatzeko. Zuk kotxe bat erretiratzen baduzu, kotxe hori desmuntatu behar duzu osorik eta gaika sailkatu. Burdina alde batetik, erregaia bestetik, likido hozgarriak, eta baita plastiko guztia ere. Gure ustez hori guztia egin gabe autoak prentsatu eta Pasaiaraino garraiatu dituzte».
Horregatik Badian Bizi plataformako kideek ezbaian jartzen dituzte erakundeetatik eman diren azalpenak. «Esaten dute txatarrak berez su hartu zuela, baina nik behintzat, berez hori ezbaian jartzen dut» dio Fernandez Otxoak, «ikusita une batetik bestera eragin zituen metroetako sugar izugarriak, nahiko argi dago».
Pikabearen arabera, zentzu horretan, garrantzitsua izango da suhiltzaileen txostena, baina erabat ados dago Fernandez Otxoarekin: «Bistan da hor erregaiak, plastikoak, gomak, eta bestelako materialak zeudela. Txatarra hori garbia etorri izan balitz ez zen horrelako sugarrik sortuko. Material arriskutsua zegoen tartean eta agerian geratu da portuan ez dituztela betetzen Europako zuzentarauak. Horregatik informatu dugu fiskala, ikertu dezan».
Txatarraren jatorriaz
Badian Bizi plataformako kideen ustez garrantzitsua da jakitea nondik zetorren txatarra hori. «Esaten dute Ingalaterratik zetorrela, baina Europako portuetan halako txatarrarekin lan egitea oso zaila da, legez kontrakoa delako. Ziur asko ez daude legea betetzen ari, eta ziur asko ez da Europatik datorren merkantzia bat. Eta Europatik etortzen baldin bada, dokumentazioa faltsuarekin etortzen da», ohartarazi dute.
Badian Biziren ustez, sutearen ondorioz hainbat lege hauste geratu dira begien bistan: «Agerian geratu da, alde batetik, txatarrean kamuflatuta merkantzia arriskutsuen trafikoa dagoela, eta, bestetik, inspekzioak ez direla egiten era egokian». Portu Agintaritzaren ardura dira inspekzioak, baina Badian Biziren ustez, kontsignatarioen esku uzten dira eta hor egon daiteke azalpena, «kontsignatarioak parte interesduna diren heinean…».
Zentzu horretan, Fernandez Otxoak Arantza Tapiaren adierazpenak ekarri ditu gogora: «Arantza Tapiak sutea gertatu eta berehala adierazi zuen ez zegoela gai arriskutsurik, hemen halakorik mugitzen ez dugulako. Oso esaldi biribila da, baina ez da egia. Bistan da arriskutsua zela, eta sutea horren ondorioz gertatu zela».
Plataformako kideek Ingurumen Fiskaltzaren esku utzitako informazioaren arabera, sutearen egunean airera isuritako PM10 partikulen kopuruak, egunaren hainbat unetan hirukoiztu egin zuen gehienezko batez besteko muga (50 partikuletan dago muga). Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtzeko Lezon duen estazioak jasotako datuak dira plataformak erabili dituenak. «Oraindik ere ez zaigu informatu ke horrek zein osagai zituen, zein partikula mota. Normalean plastikoa, olioak, eta pneumatikoak erretzen direnean, metal astunak jaurtitzen dira airera, baina herritarrei ez zaigu inongo informaziorik eman».
Eta informazio eza larria bada, are larriagoa iruditzen zaie suteaz egin den kudeaketa: «Sua itzaltzeko orduan 21.000 litro ur erabili zituzten, eta ur hori guztia berriro joan zen zuzenean badiara, aurrez tratatu gabe. Egun horietan ez zuten galarazi ez bainua hartzea ez eta arrantzatzea ere».
Zentzu horretan, portuaren eta erakundeen erantzuna «oso kaskarra» iruditzen zaie plataformako kideei. «Portuko Administrazio Kontseiluan erakunde guztiak daude ordezkatuak, eta ez dute oraindik argibide publiko bat eman. Saiatu dira jendea lasaitzen, badakitelako azken sute honek jendearen haserrea piztu duela, baina garrantzia kenduz gertatutakoari», salatu dute.
Arazoa, edonola ere, abuztuaren 2ko sutera ez dela mugatzen nabarmendu dute. Deskargen harira salaketa asko daude, eta airearen kalitatea neurtuta legez ezarritako mugak maiz gainditzen direla gaineratu dute. «Sutea espantagarria izan da», adierazi du Fernandez Otxoak, baina sutea bezain larria iruditzen zaizkie «ez hain espantagarriak» diren bestelako gertaerak, egunerokoak. «Zenbat produktu toxiko maneiatzen ari dira inolako babesik gabe? Arazo asko daude tartean. Gu beti egon behar gara adi. Fosfatoak, potasa, solteko gaiak, taladrina, kaolina… Kontu handiagoarekin ibili beharko lukete », baietsi dute.
Halako gaiak portu askotan mugitzen dituztela badakite, «baina ez Pasaian bezala, beste neurri batzuekin». Horregatik, neurriak har ditzala eskatuko diote beste behin portuari. Estaldurak, kalapatxak… beste portuetan erabiltzen diren babes neurriak.
Bi aldeek bilera bat dute egiteko, portuak hala eskatuta. «Orain portuak bilera bat eskatu du gurekin, baina suteaz hitz egin nahi dute bakarrik, eta guk ez dugu bakarrik suteaz hitz egin nahi. Nahi dugu hitz egin deskarga guztiez eta ditugun kexa guztiez. Portuko lehendakariarekin eta zuzendariarekin bildu nahi dugu», adierazi dute, «konpromisoak nahi ditugu eta horiek betetzeko epeak zehaztu», gaineratu.
Izan ere, salaketa asko dauden arren, neurririk ez dutelako hartzen kexu dira: «Erantzunak beti dira zuzenak, baina gerora ez dute ezer egiten. Ez gaude gehiago jasateko prest, eta horregatik sortu da Badian Bizi, kokoteraino gaudelako. Egoera jasanezina da eta sutearekin esan dugu, ‘honaino iritsi gara’».
Portuaren kudeaketak bestelakoa beharko lukeela argi dute. «Pasaiako portuaren aktibitatea Gipuzkoarentzat funtsezkoa dela esaten dute, eta hala dela sinistea gustatuko litzaiguke, baina eremu publikoa den arren, ematen du hiru kontsignatarioen eremu pribatua dela. Beren negozioetarako erabiltzen dute portua, gure eta portuko langileen osasuna alboan utzita, eta hori ezin da onartu».
Egoeraren konponbiderako herritarren mobilizazioa ezinbestekoa izango dela uste dute, eta horregatik plataformako deialdietara erantzutera deitu dute: «Gure presio era bakarra mobilizazio izango da. Urte asko daramagu horrela. Beti hitz onak eta neurririk ez. Herritarrak animatu nahi ditugu. Askotan etsita gaude, baina ez da normala gertatzen ari dena, eta uste dugu herritarrak elkartzen bagara badaukagula gaitasuna eta indarra eragiteko. Handien aurka ari gara borrokatzen, baina gu gure bizi kalitatea defendatzen ari gara, gurea eta gure seme-alabena. Gure eskubidea da aire garbia arnastea».
Txatarra tonak sutan, sugar handiak, eta ke beltz sendoa
Portuko deskargek eragiten duten kutsaduraren gaineko kexak aspaldikoak dira, baina iragan abuztuaren 2ko suteak alarma gorri guztiak piztu ditu badia inguruko herrietan
Lezon ez dute erraz ahaztuko lehengo abuztuaren 2an gertatutakoa. Portuko zamaketariak Antigua eta Barbudako bandera zeraman Christine itsasontzia deskargatzen ari ziren bertako moilan pilatutako txatarrak su hartu zuenean. Eguerdiko 12:20ak ziren sua piztu zenean, eta oso denbora gutxian sugar ikusgarriak altxa ziren, eta ke oso beltza eta sendoa zabaldu, urrutitik ikusgarri. Donostia eta Hondarribitik ere ikus zitekeen suteak eragindako kea.
Larrialdi plana aktibatu zuten berehala, eta atoiontziak, Ertzaintza, SOS Deiak, praktikoak, portuko langileak, eta suhiltzaileak, denak batera aritu ziren sua kontrolatzeko ahaleginean.
Bien bitartean, udaltzainek eta SOS Deiak-ek, Lezo, Pasaia, Mirakruz Gaina eta Uliako bizilagunei leihoak ixteko gomendioa egin zieten, eta haurrak eta arnas afekzioak zituztenei zonaldera ez gerturatzeko eskatu.
Trafikoa ere eten egin zuten, eta auto ilarak sortu ziren berehala GI-636 errepidean, Lezo eta Errenteria artean.
Alarma guztiak piztu ziren berehala, eta sare sozialen bitartez, sutearen irudi ikusgarri eta beldurgarriak berehala hedatu.
Portu Agintaritzak, baina, 15:30erako iragarri zuen sua kontrolpean zutela, eta horrek egoera baretzea eragin zuen. 21.000 ur litro erabili behar izan zituzten horretarako, erretzen ari zen txatarra hoztu eta modu horretan sua ingurura zabaldu ez zedin lortzeko.
Suhiltzaileak, hala ere, 21:00ak bitartean egon ziren portuan. Orduan eman zuten sutea itzalitzat. Lekukoen arabera, baina, sua berez itzali zen, txatarra artean pilatuta zegoen material sukoi guztia guztiz erre zenean.