‘Ispilura begira’ diskoa aurkeztuko du The Bobby’ s talde oreretarrak irailaren 29an. Bere estiloari leial, punk-oi! doinuz beteta dator taldearen hirugarren diskoa. Azken lanean ere kritika sozialak leku berezia du.
The Bobby’ s taldea. Argazkia: Eunate Orkin.
Ispilura begira. Hori da The Bobby’ s talde oreretarraren hirugarren diskoaren izena, eta irailaren 29an ikusiko du argia Niessen Kulturguneko auditorioan egingo duten aurkezpen kontzertuan. Euren estiloari leial, punk-oi! doinuak kritika soziala egiten duten letrekin josi dituzte. Harro daude emaitzarekin, pozik. Horretarako ordu asko eta lan handia egin behar izan badute ere, emaitza «txukuna» izan den zalantzarik ez dute Jon Mitxelena abeslariak, Martin Alvarez baxu jotzaileak, eta Urko Lareki bateria jotzaileak. Lehenengo biak oreretarrak dira, Lareki, berriz, añorgarra, eta beste bi oreretarrek osatzen dute taldea, Beñat Bengoetxea eta Unai Alvarez gitarristek. Diskoa orain arte egindakoaren jarraipena dela dio Alvarezek, «landuagoa. Honakoak lan izugarria suposatu digu, gure aukeren barruan zerbait txukuna egin nahi izan dugulako». Seriotasun handiarekin hartu dutela dio Mitxelenak hirugarrena, «gazteagoak ginen beste biak egin genituenean, ez gara musiko profesionalak, beti zerotik hasi gara, eta denborarekin ikasten joan gara. Oraindik ere asko dugu ikasteko, baina gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu gara musika gustuko dugulako eta honetan jarraitu nahi dugulako».
Diskoaren atzean ordu asko eta lan handia dagoela aitortu du Larekik, «ez da grabatzea eta nahastea bakarrik, lokalean eta estudioan egindako lan handia dago, estutasun ugari eta aldaketak ere. Xehetasun asko dago». Andoainen grabatu du taldeak diskoa, Alvaro Remacharekin, eta 500 ale aterako dituzte.
Kritika sozialerako tresna
Kritika soziala egiten duen musika estiloa modan ote dagoen galdetuta, ez du zalantzarik Mitxelenak: «Egia da musika estilo honek saltzen duela egun ere. Bada jende bat bere lanean kritika soziala egiten duena, eta ondoren ez duena eramaten praktikara. Punk-oi! taldea gara, hori da mugimendu horrek egiten duena, kritika soziala, eta mugimendu horren partaide garen neurrian, sentitzen garen heinean, guk ere hala egiten dugu».
Aitortu dute txikitatik edan dutela taldekide guztiek punk-oi! iturritik, «horrekin elikatu gara, eta hori da egiten duguna, aukeratu duguna», dio Larekik.
1980-1990 urteen arteko punk mugimendua aipatu du Mitxelenak, bere erreferentea hori izan omen da, «garai hartan sortu zen punk mugimendua Euskal Herrian eta indar izugarria izan zuen. Garai hartako musikoak oso errealak ziren, bazekiten zertaz eta zertan ari ziren, eta bazekiten zergatik esaten zuten esaten zutena». Garai hartan jaio gabeak edo umeak ziren The Bobby’s taldeko kideak, baina argi dio Mitxelenak, «orain entzuten dituzu talde horiek, eta beraien musikaren bidez egiten zituzten kritika guztiek egunerokotasun betea dute». Kortatu, Eskorbuto edo Cicatriz taldeak aipatu ditu Larekik, baita Bardulia mugimenduan partaide izan diren guztiak, edota Brigada, Never eta Des-kontrol, «egun beste musika ere entzuten dugu eta hori nabari da gure azken diskoan, tempo aldaketak daude, estilo ezberdinak».
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abesten dute, «ingelesez saiatu egiten gara» [barrez], eta azken horretan ez direla agian hain eroso sentitzen aitortu dute, «gure erreferente asko ingelesak dira, punk mugimendua Ingalaterratik datorrelako, oi! talde onenak ingelesak dira… horregatik egin dugu kanta bat ingelesez diskoan, omenaldi modukoa da, aitortza». Zalantzarik ez dute, «euskarak presentzia behar zuen gure errepertorioan eta diskoan, gaztelaniaz ziren abesti batzuk baztertu ditugu nahiago genuelako euskarazko abesti gehiago sartu», esan du Alvarezek.
Zortzi urteko bidea
Oreretako gaztetxean hasi zen taldea bidea egiten, «hango trasteekin–eta hasi ginen, bakoitzak gure instrumentua genuen, eta lagunartean musikan aritzea tabernan egotea baino gogokoagoa genuen. Denbora-pasa bezala hasi ginen. Motibatu ginen, letrak egiten hasi, eta hemen gaude». Gehien asetzen dituen agertokiarekin bat datoz: «Gaztetxeak». Mitxelenak eta Alvarezek Oreretakoa dute gustuko, Larekik, berriz Añorgakoa, «etxean jotzea da, eta horrek lasaitasuna suposatzen du».
Hala ere, laburrean etxetik urrun joango dira, izan ere, Eskoziako hiriburuan, Edinburgon, kontzertua emango dute urriaren 12an: «Edinburgh in Protest eta Colectivo Burbujak antolatutako kontzertuan joko dugu, eta bildutako dirua, Altsasuko gazteentzat izango da». Jarraitzaile sutsuak dituzte inguruan oreretarrek, kontzertua non han direnak, leialak, abestiak goitik behera kantatzen dituztenak eta giro paregabea jartzen dutenak, «horietako hogei Eskozian izango dira gurekin, eta izugarria da, bihotzez eskertzen diegu babesa, hor izatea».
Irailaren 29an izango dira zuzenean Errenteria-Oreretan, 21:00etan hasita, Azken Sustraiak, Yakovlev 42 eta Txorroskilo taldeekin. Sarrerak Sindikaton, Oiartzungo Gaztetxian eta Esquizo Disco dendan eros daitezke 5 euroan. Sarrera erosten dutenek CDa opari jasoko dute.