Genero ikuspegitik landuko dute orain Errenteriako Hirigune Historikoaren hobekuntza proiektuak.
Errenteria Hirigune Historikoa hobetze aldera parte hartze saioak egingo ditu Udalak. Gizarteratze, segurtasuna, egokitasuna eta bizi-kalitatearen inguruan hausnartu eta pausoak ematea da helburua, herritarren ikuspuntua ezagutu eta konpartitzetik.
Epe luze zein ertaineko proiektua eta aztergaiak proposatzen ditu Udalak. “Hirigunea inguru anitz, konplexu, inklusibo eta kalitatezkoa bilakatzea xede, elkarrekin aztertzeko proiektu parte-hartzailea” da, guztia genero ikuspegitik eginda. Horretarako hiru lan saio egingo dituzte. Lehena informatiboa izango dela aurreratu dute, aldaketa egiteko gakoak ezagutu behar direla argudiatuta: hirigintza modernoaren iturburuak zeintzuk diren jakin, gaurko egoera ezagutu eta genero ikuspegia duen hirigintzaren oinarrizko printzipioak ikasi. Beti eztabaida sortu eta hausnartzeari begira.
Herritar oro gonbidatu nahi dute prozesu honen parte izatera. Lehen saioa hilaren 12an izango da, 19:00etan Pleno Aretoan.