Abiatu da Errenteriako Udalak eskaintzen duen hezkuntza programa. Adin desberdinentzako aukerak, euskaraz eta modu hezitzailean pentsatutakoak.
Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziak aurkeztu du programa
Abiatu da Errenteriako Udalak eskaintzen duen hezkuntza programa. Adin desberdinentzako aukerak, euskaraz eta modu hezitzailean pentsatutakoak.
Eskoletako hezkuntza arautuaz gaindi, hezkuntza eskaintza egin nahi du Gazteria Azpisailak. Herria bera hezitzailea behar duela sinetsita bultzatu dituzte ekintza hauek. Hala azaldu du Itziar Ostolaza Gazteri zinegotziak. Aurten, bereziki, auzoetara zabaltzeko apustua egin dute, “auzoa badelako askoren eremu naturala” eta hori azpimarratu nahi izan dute.
Irailean izango dira izen emateak eta urrian jarriko dira martxan. Bost ekintza nagusi izango dira.
Familia guneak
0-6 bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako proposamena da. Aisialdia elkarrekin igarotzeko aukera bat da, kalitatezko elkarrekintza eta eredu positiboak bultzatzen dituena, alderdi psikomotor eta emozionala garatzeko lagungarria. Iaz arrakasta handia izan zuen honek eta aurten auzoetara zabaltzearen erabakiarekin 48 leku gehiagorentzako lekua dagoela aurreratu dute, guztira 148 pertsonek parte hartu ahal izango dute.
Izen ematea ZU! Udal Zerbitzuan izango da (Herriko Plazan), irailaren 17tik 28ra. Hiru hilabeteko kuota 20,60 eurokoa izango da eta ikasturte osokoa 41,20koa. Parte hartzea mugatua izango da eta zozketaz hartuko da erabakia. Honako hau urriaren 1ean izango da eta lau egun geroago jarriko da martxan, urriaren 5ean. Izena ematean txanda ere aukeratu beharko da.
Erdigunean: Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara Pablo Iglesias kalean, 3 zenbakian (Merkatuzar). Asteazkenetan, ordea, 10:00etatik 12:00etara izango da. Larunbatetan, ordea, auzoetan parte hartzeko aukera izango da: Beraunen (San Markon, ludotekan) edo Markolan (Erramun Astibian, ludotekan).
Familiak jolasean
Ekintza honetarako ez da aurrez izena eman beharko, familiak betiko eremuetatik ez baitira mugitu beharko. Ekintza hau 2-8 urteko haurrentzat eta familientzat bideratuta dago. Parkeetan dinamika desberdinak egitea da proposamena, euskara erdigunean jarri eta herriko eremu hauek era normalean euskalduntzeari begira. Jolasak eta kantuak landuko dira eta beharrezkoa izango da familian egitea. Zerbitzu hau doakoa da.
Ostiralero egongo da parte hartzeko aukera, 17:00etatik 19:00etara eta honetan ere auzoetara zabaltzeko apustua egin dute. Urriak 5etik abenduaren 14ra Kaputxinoetan gauzatuko da, Fuente Pelayo Plazan. Euria eginez gero, Gamon ikastetxeko gimnasioan egingo da. Urtarrilaren 11tik martxoaren 15era Beraunen, Pablo Sorozabal Plazan. Euria eginez gero re bertan egingo da. Eta, azkenik, martxoaren 22tik ekainaren 14ra Markolan, eskolako patioan. Euria eginez gero, eskolako gimnasioa erabiliko da.
Udal Ludotekak
6-12 bitarteko haurrentzat zuzentzen da aisialdi mota hau. Errenteriako 6 auzotan daude ludotekak: Agustinak, Beraun, erdigunea, Gabierrota, Kaputxinoak eta Markola. Izena aukeratutako lekuan bertan eman beharko da irailaren 17tik aurrera. Zerbitzua ere egun horretan hasiko da 17:30etatik 19:30etara aste egunetan. Hiru hilabeteko kuotak 20,60 euro balio ditu eta 41,60 ikasturte osokoak.
Kuadrilategi
DBHko ikasleentzat zuzenduta dago. Lagunarteko hizkuntza ohitura aldatzea du helburu egitasmoak, euskaraz ongi pasatzea eta koadrilla berriak osatzea. Denon artean erabakitzea ere egin nahi diren ekintzak, irteerak, asteburu-pasak edo dena delakoak. Izen ematea irailaren 28 arte egin ahal izango da, doan, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean edo ikastetxeetan. Urriaren 5ean izango da lehen eguna eta ordutik ostiralero bilduko dira, 19:00etatik 21:00etara.
Udal Gaztlekuak
13-17urte bitartekoentzat zuzendutako heziketa ekipamenduak dira, gaztetxoen parte hartze aktiboa bultzatzen duten topaguneak. Errenterian bi daude: Beraunen (Pablo Sorozabal plazan) eta Gabierrotan (Gabierrota pasealekua 5). Doako zerbitzua da honakoa eta irailaren 19tik aurrera, asteazkenetik larunbatera egongo da irekita, 17:30etatik 20:30etara. Izen ematea hilaren 17a baino lehen egin beharko da Gaztelekuetan.