Isuntzak eta Astillerok lortu dute Eusko Label Ligarako txartela, eta Donostiarrak Eusko Trenerako igoera.
Talde oso gaztearekin lehiatu da aurten San Juan. Argazkia: Josu. Z.
Gogotik saiatu dira baina ez dute lortu. Azkena izan da San Juango
Erreka asteburuan play-offak jokoan lehiatu diren bi estropadetan, eta honenbestez KAE1 Ligan lehiatuko dira datorren urtean. Kolpe latza San Juan Koxtape Arraun Elkartearentzat, baina burua tinko doaz arrosak, maila gorenera ahalik eta azkarren itzuliko direla iragarrita.
Txanponaren beste aldean, Isuntza eta Astillero. Lekeitiarrak estropada bikaina egin zuten larunbatean Bermeon, sendo irabazita, eta lasaitasun horrekin uretaratu ziren atzo Portugaleten. Larri azken unera arte Astillero, Portugaleten irabazi arren, larunbatean Bermeon estropada eskasa egin zuelako. Ehunenekoen aldea baino ez Astillero eta Meiraren artean.
Play-offetako emaitzen onuradunak, bestalde, Hibaika eta Camargo. KAE 1 Ligan lehiatuko dira datorren urtean bi traineruak.
Play-offak erabakita, eta denboraldiko azken bi estropadak lehiatuta, bukatu da 2018ko arraun denboraldia. Oriok irabazi du Bermeon, eta Hondarribiak Portugaleten. Liga, hala ere, Urdaibairentzat izan da, eta Patroi Onenaren Saria, azkenik, San Pedroko Ander Etxegoienentzat.
Eusko Trenerako txartela Donostiarrarentzat
Indartsu hasi zuen denboraldia Hondarribiak, baina ezin izan diote Ligaren azkeneraino eutsi.
San Juango mutilen antzera, Hondarribiko neskak. Gauzak okertzen hasten direnean, nekeza izaten da buelta ematea. Play-offaren lehen egunean izandako akatsa garesti ordaindu dute Iker Cortesen trainerukoek. 10 segundoko zigorra ezarri zioten Bermeon eskatxa denbora baino lehen askatzeagatik, eta horrek ia erabakita utzi zuen play-offa. Bi estropadak irabazita eta 17 segundoko aldearekin Eusko Trenerako txartela Donostiarrarentzat izan da.