Herri dantzen ikastaroa antolatu du Ereintza Dantza taldeak. Bi hamarkada pasa dira ikastaroa antolatzen hasi zenetik.
Erromeria Eguna aurten. Ereintza Dantza Taldeak antolatzen du azken hori ere.
Herriko dantzak sustatu eta mantentzea, plazak ez hustea. Horiek dira Ereintza Dantza taldeak antolatzen duen herri dantzen ikastaroaren helburua. Duela 21 urte hasi zen horiek antolatzen, Gipuzkoako Solte Txapelketaren 50 urteurrena eta lehen aldiz Errenteria-Oreretan antolatuko zuen Erromeria Eguna aitzaki hartuta.
Hutsik egin gabe aritu da bi hamarkada pasa hauetan, “jendearen erantzuna izugarria izan delako”, eta aurten ere, antolatuko du ikastaroa plazak dantzaz betetzen jarraitzeko. Bihar (asteartea) bilerara deitu du horretarako, 20:00etan Ereintzaren egoitzan (Juan de Olazabal 23, behea). Ikastaroan hasi nahi dutenek bertaratu beharko dute bakarrik, aurreko urteetan ibilitakoek ez dute joan beharrik. Ikastaroen egunak, taldeak eta orduak zehaztuko dituzte bilera horretan.
Ikastaroan hasi nahi baina bilerara joaterik ez dutenek, berriz,
posta elektronikoz mezua bidali beharko dute, izen abizenak eta telefono zenbakia zehaztuta.
Ikastaroan, muxikoak, fandango eta arin-arina, kontradantzak eta edozein erromeria edo dantzalditan dantzatzen direnak ikasteko aukera izango dute parte hartzaileek. Ikastaroen hasieratik, plazetan dantzatzen aritzen den herritar kopuruak gora egin duela dio Ereintzak: “Bide onetik goazela esan nahi du horrek. Une honetan 70 lagun ari dira ikastaroan”.