Omenaldia Donibane Eskubaloiak aurten izango dituen taldeen aurkezpenaren testuinguruan egin zen; ekitaldi berean Joxe Mari Legorburu 'Lexo' eta Kike Figueroa omendu zituzten.
Omendutakoak eta egungo zuzendaritzako kideak, ekitaldian.
Eskubaloiak Donibanen aspalditik izan du toki. Ziurrenik garai hobeak ezagutu ditu, baina azken urteetan bilakaera polita egin dute jokalari arrosek. Lehengo ostiralean bilakaera horri erreparatzeko tartea hartu zuten Donibane Eskubaloi taldekoek, eta aurtengo denboraldian lehian izango dituen lau taldeen aurkezpena baliatu zuten ibilbide horretan mugarri izan diren hainbat lagunei omenaldia eskaintzeko.
Urte askoan taldeko zuzendaritzako kide izan diren Joxe Mari Legorburu ‘Lexo’ eta Kike Figueroak egungo zuzendaritzako kideen aitortza jaso zuten, eta gauza bera 1991. urteko nesken taldeak, Donibane Eskubaloiak bere historian izan duen bakarra.
Omendutako emakumeak aitzakia baliatu zuten berriro elkartzeko, eta biziki hunkituta jaso zituzten eskainitako opariak: klubaren bufanda bana, garaiko argazki bat eta beren garaiko elastikoa, Susa Portugal kapitainaren eskutik. Epe laburrean emakume taldea berriro eratzea da egungo zuzendaritzaren helburuetako bat.
Lau talde
Ereintzarekin akordio bat tarteko, aurten Donibane Eskubaloiak, Gazte eta Kadete mailetako talde bana izango ditu lehian. Hamar urte baino gehiago dira halakorik ematen ez zela. Horrez gain, noski, talde nagusia, Lurraldeko Lehen Mailan, eta aurten, horrez gain, areto futbol taldea, Donibane Stokke, Lurraldeko Bigarren Mailan.
Guztiak elkartu ziren lehengo ostiralean Donibaneko plazan, eta haurrekin partidak ere jolastu zituzten, etorkizuna bermatuta dagoela berretsiz.
Donibaneko taldeak, eta omendutakoak, familia argazkian.