Biteri plazako pareta da berriztatuko dutena; lanak aste honetan hasiko dira.
Antxoko San Fermin parrokiako fatxada konponduko dute, Biteri plazaren eremua txukuntzeko.
Udalak iragarri duenez, aste honetan hasiko dira berritze lanak eta lau aste iraungo dute. Zehaztu dutenez, pareta berritzeaz gain, saneamendu arloko hainbat lan egingo dituzte.
Lanek 22.019 euroko aurrekontua dute, eta Revestimientos Leyma enpresari esleitu dizkiote. Finantzazioa aldundiak eta udalak Pasaiaren biziberritzerako duten hitzarmenean aurreikusita dago.
Udalak nabarmendu duenez, txukunketa lan hauekin herritarrek asko erabiltzen duten eta oso hondatuta dagoen herriko eremu bat leheneratu nahi izan dute. Biteri Plazako frontoiaren fatxada konpondu dute berriki eta, orain, elizaren fatxada konponduta plazaren eremu osoan berriztatu nahi dute. Udalak argitu duenez, San Fermin parrokiako fatxada udalaren jabetzakoa da.