Haurrei begira antolatutako txokolate jatearekin hasiko dute festa, 17:30ean, eta ondoren, sardinak, marmitakoa eta sagardoa banatuko dituzte.
EAJko kideak San Migel festa aurkezteko gaur egin duten agerraldian.
EAJren patroi den San Migel Eguna gogotik ospatuko du alderdi jeltzaleak ostiralean (hilak 28). Aurten ere, festa irekia antolatu du horri begira eta alderdikoez gain, gainontzeko herritarrei dei egin die Koldo Mitxelena plazara bertaratu eta jaiarekin gozatzera. Haurrei begira antolatutako txokolate jatearekin hasiko dute festa, 17:30ean, eta ondoren, sardinak, marmitakoa eta sagardoa banatuko dute helduen artean, 19:00etan hasita.
Errenteriako EAJrentzat urteroko hitzordua “oso garrantzitsua” bihurtu dela nabarmendu du Elixabete Murua Errenteriako EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakariak, festa aurkezteko gaur eguerdian egin duten agerraldian, “jai giroan eta era naturalean errenteriarrekin izateko eta horiei entzuteko aukera ematen digulako festak. Adin tarte guztietako herritarrekin, jatorri eta pentsaera desberdinetakoekin harremanak sendotzeko aukera ematen digu egun horrek, eta herritarren beharrak entzuteko baliagarri izaten zaigu”.
Ateak zabalik dauzkatela gaineratu du Muruak, “edozein egunetan bere kezkak gurekin partekatu nahi dituen ororentzat”, eta ostiralean horretarako aukera ere izango dutela bertaratzen direnek nabarmendu du.
Alderdi egunerako autobusa
Hilaren 30ean, igandearekin, Alderdi Eguna ospatuko du EAJk, bestalde, eta horri begira autobusa antolatu duela jakinarazi du herriko taldeak. Zumardiko autobus geltokitik irtengo da autobusa 09:00etan. Izena eman nahi dutenek, 943 00 25 09 telefono zenbakira deitu behar dute.