Udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira eskaerak, bertan edota Niessen Kulturgunean jaso daitekeen eredua erabilita.
Txistorra postuak jartzeko eskaera zabalik da jada.
San Tomas egunean txistorra postua jarri nahi dutenek, eskaerak egiteko aukera dute urriaren 8ra arte. Udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira eskaerak, bertan edota Niessen Kulturgunean jaso daitekeen eredua erabilita. Eskaerarekin batera, jarri nahi den postuaren krokisa aurkeztu beharko dute interesdunek neurri eta ezaugarriak zehaztuta.
San Tomas batzordea lanean hasi da dagoeneko, eta lehen bilera urriaren 5ean egingo du azoka antolatzeko. 19:00etan izango da bilera hori Merkatuzarren, eta joan den urtean parte hartu zuten elkarte, eragile eta norbanakoak parte hartzera animatzeaz gain batzorde horretan parte hartu nahi duten gainontzekoei ere dei egin diete.
Postua jartzen dutenek, batzordean zein egunaren antolaketan parte hartu behar dutela ezinbestean gogorarazi du San Tomas batzordeak.