Urtero bezala, udal gobernu taldea herriko zortzi auzoetako bizilagunengana hurbilduko da; iaz bezala, gazteekin bilduko dira

Oiartzungo gobernu taldeak herritarrak gonbidatu ditu, batzarretan parte har dezaten.
Oiartzungo Udala zortzi auzoetako bizilagunengana hurbilduko da datorren astelehenetik aurrera. Urtero bezala, auzo batzarrak egingo dituzte, eta honako gai hauek jorratuko dituzte: 2019ko aurrekontuak, balorazio orokorra eta auzoaren egoera.
Batzar guztiak 19:30ean hasiko dira (ordutegiak, behean; Altzibar eta Ugaldetxoko tokiak aldatu dira). Lehenengo bi saioak, astelehenekoak, Arragua eta Iturriotzen izango dira. Oiartzungo Udalak auzotar guztiak gonbidatu ditu, batzarretan parte har dezaten. “Gure herriaren egoeraren jabe lehen eskutik izateko aukeraz gain”, adierazi du udalak, “auzoetan egiten diren hobekuntza eta ekintza gehienak batzar hauetatik etortzen dira”.
Gazteekin, aurten ere
Iaz gazteekin saio berezi bat egin zuten, eta aurten ere errepikatu nahi dute. Urriaren 18an elkartuko dira beraiekin, gaztetxean, 19:30ean hasita.
Saioak formatu dinamikoa izango duela jakinarazi dute. Datu orokorrak eman ondoren, gazteei dagokien gaiei buruz ariko dira. Beste hainbat gairen artean, datorren urtean gazte politikara bideratuko dituzten 5.000 euroak zertara bideratu erabakiko dute batzarrera hurbiltzen direnek.
Egutegia (alfabetikoki)
- Altzibar: Urriak 4, osteguna, Olatxo auzo lokalean.
- Arragua: Urriak 1, astelehena, frontoi ondoko lokalean.
- Elizalde: Urriak 8, astelehena, Manuel Lekuona bibliotekan.
- Ergoien: Urriak 8, astelehena, Auzokalte elkartean.
- Gurutze: Urriak, asteartea, Bizardia elkartean.
- Iturriotz: Urriak 1, astelehena, auzo lokalean.
- Karrika: Urriak 3, asteazkena, Artaso elkartean.
- Ugaldetxo: Urriak 2, asteartea, eskoletan.