Pasaia Kayak-ek denboraldiaren balantze "ezin positiboagoa" egin du

Euskadiko Kopa irabazi du taldeak, lehen aldiz 30 urtetan

Aritz Araneta, Lander Rodríguez, eta Antton Araneta, Euskadiko Txapelketako podiumean.

Denboraldia bukatu berri da, eta baita XXX. urteurrenaren harira antolatutako egitaraua, eta unea iritsita, atzera begira jarri da Pasaia Kayak, balantzea egiteko. Eta balorazioa ezin positiboagoa izan, bai ospakizunei erreparatuta, eta zer esanik ez kirol emaitzei begiratuz gero; Euskadiko Kopa eta Euskadiko txapelketa, biak irabazi ditu aurten Pasaia Kayak-ek. Horrez gain, Gipuzkoako txapelketan hirugarren izan dira palista pasaitarrak. Taldeak Euskadiko Kopa lehen aldiz irabazi du historian, eta data oso berezian, gainera,  klubaren sorreraren XXX. urteurrena Zirizan ospatu eta astebetera, Lekeition. Kopa nagusitasun osoz irabazi dute, gainera. Zazpi proba open-etatik hiru irabazi dituzte palista pasaitarrek, beste hirutan bigarren izan dira, eta hirugarrenak Lekeitioko proban, beti ere podiumean. Banaka, K-1 Senior Kategorian bost lehengo postu eta bi bigarren postu lortu dituzte eta K-2 Senior Kategorian, hirugarren postu bat. Guztira, zortzi bider igo dira podiumera.  Lander Rodriguez, Aritz Araneta, Antton Araneta, Xabi Cresporen eta Txema Yarzaren lorpenak dira. Denek ekarpena eskertu du klubak, baita beste hainbat kiderena ere, tartean, Jokin Etxarri, Ramon Vega, Patxi Benavente, Valer Carballo eta Iñigo Barrenetxea. Itsas kayaka indartzeko apustua egin du aurten Juantxo Albisuk zuzentzen duen taldeak, eta bete-betean asmatu du, emaitzak horren erakusgarri. Bide hori sendotzea eta taldea gehiago indartzea izango dira aurrerantzean Pasaia Kayaken helburu nagusiak.  
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.