Urkabeko bidean hondakinak agertu izana gaitzetsi du udalak
Hondakin bereziak botatzeko Talaiako garbigunea dagoela gogorarazi du udalak, baita etxez etxeko zerbitzua ere
Oiartzungo Udalak salatu du hondakin bereziak agertu direla Urkabe mendian. Koltxoiak, etxeko tresneria edo altzariak bezalako hondakinak agertu dira mendi bazterrean.
Horrelakorik gerta ez dadin, udaletik gogorarazi dute horrelako objektuak botatzeko bi modu daudela. Alde batetik, Talaiako garbigunea. Ordutegi hau dauka: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:00etara, eta 16:00etatik 18:50era; larunbatetan 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:50era. Igandetan, berriz, goizez bota daiteke (10:00etatik 13:50era dago irekita).
Horrez gain, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen dutela berretsi dute, hileko lehenengo eta hirugarren ostegunetan. Aldez aurretik deitu behar da atez ateko bulegoko telefono zenbakira, hitzordua jartzeko (900 49 11 11).
Udalak ohartarazi du hondakinak modu egokian bideratzen ez dituztenak isuna jaso dezaketela.