Antxo umorez zipriztintzera heldu dira antzerki jardunaldiak

Tio Teronen Semeak, Hamaika Buelta eta Las XL aukeran

Igandean, maitasun erromantikoaren mitoa lurrera botako dute Las XL konpainiakoek.

Pasaiako 37. Umorezko Antzerki Jardunaldiak Antxora heldu dira asteburuan. Programazioan, eskaintza erakargarria eta azken orduko aldaketak. Ekitaldien kopuruari erreparatuta egunik oparoena, biharkoa (hilak 12, ostirala). Tio Terenen Semeen ikuskizunak emango dio hasiera egitarauari, 20:00etan, Gure Zumardian. Talde lezoarrak FreshCool aurkeztuko du Antxon, antolatzaileek iragarri dutenez, “aurreskuaren soiltasuna eta ganberrokeria batzen ditu umorez betetako saioan”. Antxoko Topaguneak antolatutako herri afari batekin osatuko dute biharko egitaraua. 21:00etatik aurrera, kultur etxean, entsaladak, errazioak, edaria… guzti-guztia “herri prezioetan” eskainiko dutela agindu  du talde antxotarrak. Eta afari ondorengoa ezin hobeto bukatzeko Mila ezker antzezlana taularatuko du kultur etxean bertan Hamaika Buelta Antzerki Taldeak. Hala dio sinopsiak: “Euskal Herrian agintzeko aukeraren bila abiatu dira Mila Ezker telebista saioko partaideak. Nork lortuko du lidergoa? Lasai, demokratikoki erabakiko baita.” Oholtzan, aktore pasaitar oso ezagunak, etxekoak, amateurrak, puntakoak… Sarrera doan da, eta barre batzuk egiteko aukera, bermatuta. Larunbatean klown ikastaroa Larunbaterako (hilak 13) bi ekitaldi iragarrita zeuden, eta horietatik bat bertan behera geratu da oraingoz. Kabaretantxo, antxotarrak oholtzara igotzeko asmoz antolatutako ikuskizuna ez da asteburuan egingo eta atzeratzea aztertzen ari dira. Data, hala ere, ez dute oraingo zehaztuta. Honenbestez, larunbatean, goizerako da eskaintza. Aurten jardunaldien barruan lehenbizikoz  antolatutako klown ikastaroa kultur etxean izango da, 10:00etatik 13:00etara. Ikastaroa, doakoa, herritar orori dago zabalik.  Joserra Fachado aktore sanpedrotar ezagunak gidatuko du tailerra. Eta azkenik, igandean (hilak 14), Las XL taldekoen Abandonate mucho, 19:00etan, kultur etxean. Maitasun erromantikoaren mitoa lurrera botatzen duen musika eta antzerki ikuskizuna da. Nia Cortijo eta Marta Sitja aktoreak, “bidaia zintzo eta dibertigarri batean antzezlan komiko, alai, kritiko eta hunkigarri bat” eskainiko dute. Sarrerak, 8 euroan, Internetez eros daitezke.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.