Goia Anduaga: "Oiartzun nire bihotzean daramat, eta eramango dut betiko"
Anduaga hamar urtez izan da Oiartzungo anbulatorioko emagina, eta erretiroa hartzear dago. Irailaren 18an omendu zuten berekin egondakoek, eta horrek are asebeteago utzi du
Irailaren 18an, edoskitzeari buruzko tailer bat ematera joan zinen. Baina ez zen hala izan…
Ludotekan edoskitzeari buruzko hitzaldi bat ematera joan nintzen, poz-pozik. Zer prestatu behar nuen galdetu nien, eta ezer ere ez, edoskitzeari buruzkoa izango zelako. Esan nien egun horretan ezingo nintzela hurbildu, konpromiso pertsonalak nituelako. ‘Ekar itzazu lagunak!’, esan zidaten. Denak hona etorri ginen, eta Kastron itxaron zezaten eskatu nien, ordubeterako izango zela eta.
Nekane [Martiarena, Abaraxka ludotekakoa] zain zegoen. Argazki bat egin ziguten. ‘Beno, norbaitek hitzaldiaren momentua gorde nahiko du’. Aurrera egin, eta bideoan grabatzen ari zirela konturatu nintzen. ‘Zer gertatzen da hemen, Nekane?’. Omenaldi bat antolatu zidatela aitortu zidan, eta estuasun bat sartu zitzaidan… Ordurako plazan ginen: dantzariak, txalaparta, irakurketa bat, ama guztiak beren orgatxoekin… Negarrez hasi nintzen.
Erditze baten aurrean bezain urduri, alegia.
Erditze bat ez, hamar! Ezin nuen sinetsi ikusten nuena; ikaragarria izan zen, emozioz beterik nengoen, estatua bat bezala geratu nintzen. Ez nuen espero, Atsolorrean agurtu ninduten, eta horrekin agurtuta sentitu nintzen, nahikoa izango zela.
Egun hartako argazkiak eta bideoak ikusten ditudanean [hasperena]… oraindik negar egiten dut, sentikor nago. Haien sentimenduak islatu zituzten bideoan: ‘laguntza’, ‘segurtasuna’… Horrelako hitz politak. Emakumeek ezin zezaketen modu hobean esan.
«Omenaldiko argazki eta bideoak ikusten ditudanean, oraindik negar egiten dut»
Modu horretan erretiroa hartzea polita izango da…
Ez dakizu zein pozik hartuko dudan erretiroa! Pozik nengoen joango nintzelako. Gustura egiten dut lan, bokazionala da erabat, baina lan asko egin dut eta bizimodua aldatu behar dut. Osakidetzak aukera ematen digu 63 urterekin jubilatzeko, ba kito, ordura arte lanean, banoa.
Satisfakzio handiarekin joango naiz, nahi dudan moduan lan egin baitut nire ogibidean. Erantzun horrek, baina, KO utzi nau. Orain are asebeteago utziko dut lanbidea.
Oiartzunen hamar urte daramatzazu. Zein izan da zure ibilbidea bertara iritsi arte?
Erizaintza ikasi nuen Madrilen, eta Zaragozan bi urte egin nituen lan. Madrilera bueltatu nintzen, emagin ikasketak egitera, hori baitzen nik benetan gustuko nuena. Gero Ferrolen (Coruña), eta ondoren Donostiara.
Donostia Ospitalean lan egin dut, kontsulta pribatu batekin uztartuta. Amatasunaren prestaketa, edoskitzea, erditze ondorengoa, haptonomia (ukimenaren bitarteko komunikazio afektiboa, bikoteekin)… 26 urte eman nituen horretan, eta hori ere utzi nuen. Atalak ixten joan naiz. Gainera, profesionalei edoskitzearekin lotutakoak irakatsi dizkiet.
Herri txikiago batean lan egiten zenuen lehenengo aldia izan al zen Oiartzungoa?
Ez, bigarrena. Donostia Ospitaleak aukera eman zidan Lehen Mailako Arretara irteera egiteko, Zarautzera. Urte pasatxo egon nintzen, eta ospitalera bueltatu nintzen. Erditze gelako ikuskatzaile moduan egon nintzen beste urtebete eta pikuz, eta Lehen Mailako Arretako plaza irten zen. Erabakita neukan, ahal izanez gero, bueltatzea.
«Oiartzuarrak bereziki jator eta errespetudunak dira, ongi entzuten dakite»
Herri txiki bat izatea nabaritzen al da?
Bai, bai. Gainera, herri hau berezia da. Bereziki jatorrak dira, bereziki errespetudunak eta, batez ere, ongi entzuten dakite. Proposatu ditudan proiektuei beti harrera ona egin diete. Adibidez, edoskitzea eta jaiotza-artatzea humanizatzearen aldeko ekimenak (IHAN, gaztelerazko siglengatik). Emakumeen eta familien laguntza handia behar izan dut —baita, noski osasun zentroko langileena ere—, eta onarpen handia izan du. Ikusten zuten beren bizimodua hobetzeko zela. Hala ere, jende guztiak ez du prestutasun bera, baina Oiartzunen oso ona izan da.
Zein da IHANen helburua?
Ama eta haurren praktika onen aitortza bat da. IHAN-Espainiak ematen duen titulua da, Unicefek babestuta —berez, Unicefek ematen du—. Gu bigarrenak izan ginen jasotzen. Gipuzkoan beste bat badago, Ondarretan. Estatu guztian bost gara, eta hori oso ongi dago. Nazioarteko aitortza bat denez, munduko edozein tokitako edozein pertsonak badaki Oiartzun IHAN zentroa dela. Horrek esan nahi du ama-haurren praktikak sustatu eta babesten ditugula. Bost urte eman genituen lau faseak gainditu eta titulua lortzeko. Esku artean proiektu sendo bat duzunean egiten dira horrelakoak. Osakidetzaren eskualdeko zuzendaritzak asko lagundu zuen, eta ni liberatu ere egin ninduten.
Zeintzuk dira babesten diren praktika horiek?
Batez ere, amaren edoskitzeari zuzenduta daudenak. Esfortzu handia egiten dugu edoskitzearen hasieran eta jarraipenean. Hori da hemen egin dudan lanik handiena. Haurraren osasunari bideratuta dago gehienbat. [Anbulatorioan, besteak beste, edoskitze gune bat dago, edozein amak erabil dezakeena].
Zergatik da hain garrantzitsua edoskitzea?
Momentuz, inork ez didalako ziurtatu hori gaindituko duenik. Inork ez dit esan bere haurrarentzako amaren esnea baino gauza hoberik dagoenik. Haurrentzako esne-hauts etxeek ikerketak egin arren, eta zerbait oso ona lortzen duten arren, inoiz, sekula, ez da amaren esnea bezain ona izango.
Haurrentzat espezifikoa da, edozein momentutan eskura daitekeena, eta tenperatura egokian dagoena. Hori ona da, baina onena da amak haurrari ematen dion defentsa gaixotasunen kontra. Hori ezin da poto batean sartu, zuk eman behar diozu.
Hemen edoskitzearen kultura handi bat zegoen. Aurreko emaginak asko landu zuen, eta horrek asko lagundu nau, jarraipen bat izan baita. Bultzada txiki bat gehiago egon dela? Bai, baina bazegoen edoskitzearen kultura bat. Garatze bat izan da. Nire aurretik zegoen emaginak bai lantzen zuela, baina falta zena zen edoskitze tailerra…
Zer egiten da tailer horretan?
Hemen zalantza guztiak azaleratzen dira, gehienbat. Ama direnak etortzen dira, normalean. Haurdun daudenak etor daitezke, nolakoa den ikustera. Amek beren esperientzia partekatzen dute. Ez dira beti kezka edo arazoak izaten; satisfakzioa dutenean ere kontatzen dute.
Konfiantza giroa sortuko da.
Oso handia. Edoskitzeari buruz ez dut nik bakarrik iritzia ematen. Euren artean hitz egiten dute, iritziak partekatzen dituzte: ‘nik hau egingo nuke’, ‘nik bestea’, ‘niri modu honetara joan zait ongi’… Adin ezberdineko haurrak —baita amak ere— daude: hamar egun dituzten haurrak daude, eta badaude zazpi hilabetekoak eta beste elikatze batekin hasi direnak. Kasu horretan, kontatzen dute edoskitzeaz gain frutak, barazkiak eta abarrekoak ematen dizkietela haurrei, edo dena delakoak. Laguntza handia da eurentzako. Tailer oso polita da. Horrez gain, erditzearen aurrekoak eta ondorengoak ere lantzen ditugu.
«Edoskitzearen kultura handi bat zegoen; nik bultzada txiki bat eman diot»
Erditze ondorengoak ere zaintzen dira?
Bai. Nik, hala ere, tailer horietan gehiago lantzen dut fisikoa. Kezka eta antzerakoentzako foroa gehiago izaten da edoskitze tailerra. Jende kopuru ona daukagu, eta jendeak nahiko zintzo betetzen du. Hamar saio dira.
Elkarrizketa hau lotzerakoan komentatu duzunez, asko dira zure azken egunak ‘aprobetxatzen’ ari direnak, etortzeko.
Bai, bai! Agurtzeko aprobetxatzen ari dira. Beste osasun azterketa batzuk egiteko aprobetxatzen ari dira, zitologia eta abar. ‘Azterketa egitea tokatzen zitzaidan, eta etorri eta aprobetxatuko dut zu agurtzeko’. Ederki!
Orain utziko duzu, baina zure ondoren datorren emaginak tailerrekin-eta jarraituko du?
Bai, noski. Ordeztuko nauen emaginak agenda bera jarraituko du. Badaukat ordezkoa, ospitaletik etorriko da, eta bere horretan jarraituko du.
Beraz, orain arteko erabiltzaileak lasai egon daitezke.
Bai, bai. Pertsona aldatuko da, baina prestazioak berberak izango dira Oiartzungo anbulatorioan. Horrez gain, Oiartzunen egin izan dut beste jarduerarik.
Zein?
Heziketa afektibo-sexuala. Herriko eskoletan eman ditut tailerrak, DBH 1 eta 4ko ikasleekin. Elizalde Institutuan askotan egon naiz, Haurtzaron behin, eta gaztetxoekin egon naiz. Gaia oso polita dela iruditzen zait. Denari buruz hitz egiten dugu, sexualitateari buruz; asko nabarmentzen duguna da bestearekiko errespetua. Antisorgailuei, sexu transmisiozko gaixotasunei eta hori guztiari buruz aritzen gara saioetan.
Neskekin bakarrik beste hitzaldi bat antolatu izan dut, anbulatorioan. Emakumeen garbitasun ohiturei buruzkoa izan ohi da, orokorrean. Gertatzen dena da mutilak harrotu egiten direla ikasgelan, eta neskak lotsa-antzean egoten direla. Bakarka gehiago zabaltzen dira, konfiantza eta lasaitasun handiagoarekin. Hemen [anbulatorioan] ixten dira hitzaldi ziklo horiek.
Gaztetxoak dira oraindik, eta ikusten dituzu barre egiten, beste batzuk lotsagorritzen, imajinatzen duzu nor gustatzen zaion nori… Hemen, bakarrik daudenean, beste erlazio bat da. DBH1ekoak askoz gaztetxoagoak dira. Harrituta geratzen dira. Hitzaldiak light-agoak dira, baina nahikoa harrituta uzteko. Kontua da erakustea zer den zer; oso goiz hasten dituzte harremanak.
Eta afektibitatea, gaur egun, asko zaindu behar da.
Bai, asko. Gaur egun ez da kontuan hartzen hori. Gaztetxoak oso ‘ekintzazaleak’ dira gaur egun, eta orduan dena argi utzi behar zaie: hau horrela da, eta hori horrela.
Noski, ez duzue nahi garaiz aurreko pazienterik izan nahi…
Ez, noski. Gu artatzearekin oso pozik gaude, baina bakoitza bere adinean.
Emakumeek jakin behar dutena da hemen emagin bat dagoela, hau osasun zentro bat dela eta beren beharrak asetzeko dagoela. Gonbidatzen ditugu bakarrik edo bikotean etortzea.
«Pertsona aldatuko da, baina prestazioak berberak izango dira anbulatorioan»
Joera bat bueltatzen ari da, etxean erditzekoa. Zer iruditzen zaizu?
Badaude profesionalak etxeetako erditzeetan egiten dutela lan. Formazioa dute, bide hori hartu dute. Ni oso pozik nago erditzeko aukera ezberdinak izan ditzakegulako, eta emakumeek nahi duten tokian erditzearekin ere bai: non erditu nahi dugun, nola eta norekin. Oso garrantzitsua da hori, segurtasun neurri batzuekin. Etxeetan lan egiten dutenek protokolo oso onak dituzte, eta arazorik baldin bada, ospitalera bideratzen dituzte. Erditze ondorengo bisitak ere egiten dituzte. Erditzeko beste era bat da, eta bai, gustuko dut aukera ezberdinak egotea.
Azkeneko hitz batzuk oiartzuarrentzat?
Omenaldiaren eta eskaini didaten guztiaren ondoren, esan nahi dut Oiartzun nire bihotzean daramadala, eta eramango dudala beti. Oso-oso eskertuta nago, eta ez bakarrik azkeneko omenaldiarengatik. Hor daude Atsolorrako omenalditxoa, baita eman dizkidaten esker kopurua ere. Herri hau bereziki ona da.