Kaixo, Mukuru kolektiboa
Mukuru kolektiboaren aurkezpen jaia abian da Errenteria-Oreretan. Goizean solasaldia Mikelazulon, arratsaldean akustikoak kalean, eta gauez, Niessenera.
Gaur aurkeztuko du bere burua Mukuru kolektiboak Errenteria-Oreretan. Euskal Herriko musika talde eta bakarlariek osatzen dute kolektiboa, eta esperientziak konpartitzeko gogoak, eta elkar elikatu eta elkar ikasteko nahiak bildu ditu. Musika sortzaileen elkargunea da. Egun osorako egitaraua dute prest gaurko. Goizean, 11:00etan hasita, gosari-solasaldiari ekin diote Mikelazulo Kultur Elkartean (bertakoa da goiko irudia). Musika, zergatik kolektiboki kolektiboan hizketaldiaren bitartez Bidehuts eta Erraiak musika zigiluetako ordezkariek, nahiz Musikazuzenean kontzertuen atari digitaleko eta Taupaka sortzaileen elkarteko kideek gogoetari ekin diote. Arratsaldean piztuko dituzte bafleak (ez oso ozen, kontzertu akustikoak direlako). 18:00etan, Mikelazuloren inguruan, Nigara Zuek taldeak eta Hatxe bakarlariak (Errenteria-Oreretakoak dira), Ainiza Monjolosekok (Nafarroa Beherea), Paxkal Irigoienek, Seitan taldeak, Isuo ta Kezman taldeak, Peru Galbetek, eta Iturria taldeak emanaldia egingo dute, bakoitzak 4-5 pieza joko dituelarik. Gauean, Niessenen, bafleak topera. 22:00etatik aurrera, Txost, Klak!son eta Muskulo (Errenteria-Orereta) igoko dira oholtzara, eguna bukatzeko. Bertan da Mukuru kolektiboa. Kaixo! Lotutako albisteak: