Ijito kulturan murgiltzeko gonbitea egin du Kamelamos Adiquerar elkarteak, estereotipoak apurtzea helburu duen astearekin
Kamelamos Adiquerar elkarteko kideak Ion Collar zinegotziarekin.
Ijito kultura hurbiltzea, lehen eskutik ezagutzeko aukera eskaintzea du helburu Kamelamos Adiquerar elkarteak antolatu duen Ijito Kultur Asteak, baina helburu behinena, gaur gaurkoz oraindik ere indarrean diren estereotipoak apurtzea du. Horiek deseraikitzeko modurik egokiena, ijitoak eta haien kultura lehen eskutik ezagutzea dela biderik onena ziur da Juan Carlos Jimenez Kamelamos Adiquerar elkarteko presidentea, “hamaseigarren aldia dugu Ijito Kultur Astea Errenterian antolatzen duguna, gure herria, gure kultura ezagutzera emateko”.
Ezagutza, hori omen dela elkarbizitza egoki baterako gakoa dio Jimenezek, eta errenteriar guztiak gonbidatu ditu astearekin bat egitera. Kafearen usainaren bueltan aurkeztu dute astea, Ion Collar kultura zinegotziak lagunduta. izan ere, gaur goizean bertan hasi da astea Ijito Kafearekin. Eguerdira arte, kafea eta hainbat pintxo doan jateko aukera izango dute Xabier Olaskoaga plazaraino hurbiltzen direnek.
Astea dela ikusten dena, baina atzean eguneroko lana dagoela esan du Collarrek, eta astea “klasiko” bat dela nabarmendu du. Kafe ijitoa, pilota oroitaldia, haurrei begirako ekintzak, eta musika tailerren bat ere antolatu dute kaxoi flamenkoaren bueltan astearen barruan. Collarrek txikienei begira antolatutako ekintzei erreparatu die, “ezinbestekoa da herriko txikienekin egiten den lan pedagogikoa , zuen kultura ondorengo belaunaldiei erakusteko egiten duzuen saiakera, elkarbizitza lantzea ezinbestekoa delako”.
Musikari egin dio erreferentzia, berriz, Jimenezek, “kulturen arteko zubia delako musika”.
Herrien herri, hala definitu du Errenteria-Orereta Collarek eta horren erakusleetako bat dela Ijito Kultur Astea gaineratu du.
Egitaraua
Gaur, astelehena
- 10:00-13:00: Ijito kafea Xabier Olaskoaga plazan.
- 20:00-21:00: Montxo Jimenezen VIII. Memoriala Esku Pilota Torneoa, Beraungo frontoian.
Bihar, asteartea
- 18:00-19:00: Llereles Kalos eta Ijitoak Koloreak Markola ludotekan.
Etzi, asteazkena
- 20:00-21:00: Montxo jimenezen VIII. Memoriala Esku Pilota Torneoa, Beraungo frontoian.
Hilak 18, osteguna
- 18:00-19:00: Kaxoi flamenko tailerra Gabierrotako Gaztelekuan.
Hilak 20, larunbata
- 19:00-20:00: Montxo Jimenezen VIII. Memoriala Esku Pilota Torneoaren finala eta sari banaketa.