Vincent Thevenez organu jolea gonbidatu dute bi kontzertuak ematera; Jose Manuel Azkueren Memorialaren bosgarren ekitaldia izango da
Charo Lopez Azkueren alarguna, Anton Mendizabal Oganozaleak elkartekoa eta Juncal Izagirre Irungo Kultura zinegotzia.
Jose Manuel Azkue Memorialaren bosgarren ekitaldia egingo dute datorren larunbata eta igandean. Larunbatean Oiartzungo Done Eztebe parrokian, eta igandean, berriz, Irungo Junkaleko Andra Mariaren parrokian. Aurreko memorialak 2008an, 2009an, 2016an eta iaz egin zituzten, Oiartzungo Organozaleak elkarteak antolatuta.
Bi ekitaldiek estruktura bera izango dute. Larunbatean, 19:15etik aurrera, mahai-inguru bat egingo dute, eta organoarekin lotutako gaiak aztertzeaz gain, zinema izango dute hizpide. Izan ere, 20:00etan hasiko den kontzertuan
L’etroit mosquetaire filma proiektatuko dute. 1922an egindako 55 minutuko film mutua da; Max Linderrek zuzendu zuen, Alexandre Dumasen
Hiru mosketariak eleberrian oinarrituta.
Organoaren laguntza inprobisatua izango du proiekzioak, garai bateko zinema aretoetan pianoarekin egiten zen antzera. Vincent Thevenaz organo jolea arduratuko da musika jotzeaz. Sarrerakoak eta bukaerakoak ere inprobisatuko ditu. Irunen, igandean, ordubete lehenago hasiko dira saioak.
Thevenaz eta Cavaille-Coll
Thevenazek ez du formazio makala: organoa, pianoa, inprobisazio klasikoa eta jazzistikoa, musikologia, teoria musikala, zuzendaritza, kantua, literatura frantsesa eta errusiarra ikasi ditu.
Gaur egun organo eta inprobisazio irakaslea da Genevako Haute Ecole de Musique-n (Suitza), eta organista titularra eta karillonista Genevako San Pedro Katedralean. Askotan gonbidatzen dute kontzertuak ematera Amerika edo Asiara, baita Europara ere.
Oiartzungo zein Irungo organoak Cavaillé-Coll dira. Oiartzungoa Europako zaharrenetakoa da, eta penintsulako lehenengoa. 1843an eraiki zuten, eta 1861ean eraman zuten Oiartzunera. Irungoa 1877an jarri zuten.
Jose Manuel Azkue
Jose Manuel Azkue 1927an jaio zen, Killirikupe gaineko Aginalgalde-Etxean. Sei urterekin eman zuen izena Donostiako Musika Kontserbatorioan. 11 urterekin Alesbesera (Nafarroa) joan zen fraide ikasketak egitera, eta urtebete beranduago hasi zen mezetan jotzen. Hainbat urtez komentuz komentu ibili zen, organista moduan.
Hogei urterekin apaiz izateko erabaki behar zuenean, atzera egin zuen. Irunen eta Donostian ibili zen organista moduan. 1954an AEBtara joan zen, eta bi hamarkada eman zituen bertan, organoa ogibide izaten.
1975ean Euskal Herrira bueltatu zen, Donostiako Koruko Andre Mariaren parrokian organista postua lortuta. Donostian eta mundu guztian zehar eman zituen kontzertuak. 2008an hil zen.