Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea bere 25. urteurrenaren ospakizunetan sartu da. Merkatuzarren erakusketa zabaldu dute, ostirala arte.
Erakusketako paneletako bat.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak 25 urte bete ditu. Horren harira hainbat ekitaldi egiten hasi da, tartean, Merkatuzarren jarri duten erakusketa. Atzo (astelehena) zabaldu zuten, eta ostiralera arte ikusteko aukera izango da bertan dauden harribitxiak.
Izan ere, oparoa izan baita mende laurdeneko bidea. Eta oparotasun hori irudi bidez, agiri bidez, ikus-entzunezkoekin irudikatu dute Lau Haizetarako kideek. Elkartearen sorreraren agiriak, Lau Haizetara aldizkariaren aleak, Xenpelar Bertso Eskolakoen tartea, kantu jirarena, egindako beste egitasmoen irudiak, Xenpelar Bertso Eskolako Olentzero eta Mari Domingiren txokoa, HITZAri bereziki utzitako tartea —aurten 15 urte bete ditu eskualdeko euskarazko hedabideak—, eta nola ez, irudi bitxiren bat ere bada. Errenteriako euskaltzaleen azken 25 urteen historia ezagutzeko arras baliagarri da.
Arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Merkatuzarreko erakusketa, ostirala arte. Baina bitartean badira urteurrenari atxikitzeko ekitaldi gehiago. Ondokoak:
Hilaren 24an (asteazkena), 19:00etan eta Mikelazulon, EH: 12 hizkuntza gutxitutako 12 aktibisten etxea solasaldia.
Hilaren 23 (asteartea) eta 25ean (osteguna), 18:00etatik 20:00etara eta Merkatuzarren, Euskaraldirako formazio saio bereziak.
Hilaren 27an (larunbata) 14:00etan eta Landare elkartean, bazkaria (sorpresak iragarri dituzte). Txartelak
Lau Haizetararen posta elektronikora mezua bidaliz edo 943 34 01 43 telefono zenbakira deituz lor daitezke.