Herriko zortzi auzoetan nagusitu den kexa izan da herritar batzuek dituzten bizikidetza jarrerak; 2019ko aurrekontua %0,68 igoko da
Elizalden egindako batzarraren irudia [Argazkia: Oiartzungo Hitza].
Aurtengo auzo batzarren erronda bukatu eta berehala,
Oiartzungo Udalak horien balorazio azkar bat egin zuen. Aurreko urteetako parte hartzea antzekoa izan du —136 lagun elkartu dira zortzi batzarretan—. Alde horretatik, udalak kezkatuta dago parte hartzeak gora egin ez duelako. “Horrelako gai garrantzitsu eta hurbilekoak Udalarekin zuzenean partekatzeko aukera ez baliatzea pena da”, esan du udalak. Parte hartu duten bizilagunek eurek ere parte hartze baxua ez dute ongi baloratu.
Zortzi auzoetako batzarretan gehien errepikatu diren kexak bizikidetzarekin zerikusia dutenak dira: abiadura ez errespetatzea; gaizki aparkatutako ibilgailuak; txakur-kakak; txakurrak solte eramatea; hondakinak lurrera botatzea…
Auzoetakoari errepasoa
Auzoetan agintaldi honetan egindakoa baloratu zuten. Izan ere, udalak berak gogoratu duenez, auzoetako aurreko batzarretan egindako hainbat eskarietatik abiatuta egin dituzte hobekuntzak eta berrikuntzak. Auzoka, honakoak izan dira errepasatu diren lanak:
- Altzibar: haur parkeen txukunketa eta Klarene plazarena; auzo lokala egokitzea; Altzibar-Iturriotz espaloiaren konponketa; Cadarso auzotik ateratzea…
- Arragua: Lartzabal etxadiko aparkalekua berritu eta kirolgunea jarri; Ganboxa berreskuratu; taxi geltokia…
- Elizalde: Bidegaina berrantolatu eta espaloia berritu; Legarreako irisgarritasuna hobetzeko lanak eta Ibargain ondoko pasabidea argiztatu…
- Ergoien: Herri bideak konpondu, Arbelaitz bidea bidegorriarekin lotu eta hoditeriaren saneamendua…
- Gurutze: Aparkalekura doan pasabidea argiztatu, piboteak jarri espaloian eta Bizardia atzeko horma egin…
- Iturriotz: Tronpeo txukundu eta berrantolatu, Altzibar-Iturriotz espaloia argiztatu eta Xorrolaren geltokia tokiz aldatu…
- Karrika: Sarrera berritu eta bidea zabaldu, larrialdi irteera konpondu eta errekaren ibilbideko hormak indartu.
- Ugaldetxo: Ihurrita, Mendibil eta Katalintxoko espaloiak konpondu dituzte, Intxixu parean semaforoa jarri dute eta Txipitoko malda asfaltatu dute.
Horrez gain, epe laburrean egingo diren —batzuk hasi dituzte— lanei errepasoa eman zioten auzoetako batzarretan: Cadarso botatzea (Altzibarren); Arraguako pilotalekua txukundu eta igogailua jartzea; Ormazabal-eneako aparkalekua egin eta Rafael Pikabeako kirolgunearen moldaketa, Elizalden; Karrikako bidegorria luzatu eta txukundu, baita auzoko parkea berritu ere; eta, Ugaldetxon, Kalexa plaza eta bidegorria lotzeko zubia eraiki.
Udalerri ikuspegia
Auzoetako gai zehatzez gain, herri osoari dagozkion proiektuei buruz ere hitz egin dute batzar horietan. Horrela, Mendiburu 14 edo Arizmendi-Eneko egitasmoa aipatu dituzte, baita industriaguneak berritu eta jarduera erakartzeko politikei buruz ere, herribideen hobekuntza ahaztu gabe.
Lehen sektorea biziberritzeko Lurbizi egitasmoa, etxebizitza politikari dagokionak (ASAP eta Etxebizitza Bulegoa), merkataritza txikia suspertzekoak eta Larre Plana.
Kulturan eta Gizarte-Ongizate Sailetan emandako bultzada ere nabarmendu dute, aurrekontuak %18 eta %22,6 igo baitira hurrenez hurren. Gainera, Feminismo Saila ere sortu dute.
2019ko aurrekontua
Oiartzungo Udalak datorren urtean 16.751.174 euroko aurrekontua izatea espero du, aurten baino %0,68 gehiago. Auzotarrei aurkeztu zaie, baita oposizioari eta udal teknikariei ere. Landu ondoren finkatuko da behin betiko proposamena.
16,7 milioi eurotatik bi zuzenduko dituzte inbertsio errealetara. Gainontzekoa ondasun arrunten eta zerbitzuetarako gastuetara bideratuko dute, baita pertsonal gastuetara eta transferentzia gastuetara ere.
Aurrekontu horren zati bat —5.000 euro— gazteek erabakitako politiketara bideratuko dute. Pasa den astean erabaki zuten zertara bideratu. Espero baino gazte gutxiagok hartu zuen parte batzarrean, baina saioa interesgarria izan zela iritzi du udalak. Herriko gazteek aisialdiaren antolakuntza euren esku egon behar duela uste dute eta udalak gazteen emantzipazioarekin eta lan-munduarekin lotutako formakuntza eta laguntzara bideratu behar lukeela bere jarduna.
5.000 euroak tailer eta mintegietan inbertitzea erabaki dute: lan-mundurako formazioa (curriculumak nola egin, lan elkarrizketak nola prestatu), oinarrizko sukaldaritza tailerra…